Hegan ikasten ari den putrekume bat da Tolosan agertu dena

Erabiltzailearen aurpegia Mikel P. Ansa 2021eko abuztuaren 19a

Argazkia: @probatxoa

Asteazken gauean etxe bateko pisu batean agertu zen putre bat, Tolosan; ostegun goizean atzeman dute. Handik mugitzeko lanean aritu dira basozainak eta suhiltzaileak. Beste zenbait herritan ere ikusi dituzte putreak azken egunotan.

Ez dela kezkatzeko eta beldurtzeko arrazoirik, hori azaldu dute Gipuzkoako basozainek. Sasoi honetan, putrekumeak habiatik irten eta hegan ikasten hasten dira, eta tarteka gertatzen da nekatu egiten direla, edo ez dakitela ongi hegan egiten oraindik, edo galdu egiten direla. Halako zerbait gertatu da Tolosan, Gipuzkoan. «Putre gaztea da, nekatuta egongo da, edo ez daki oraindik hegan ongi egiten», azaldu diote Gipuzkoako Basozainek BERRIAri. «Ez da kezkatzekoa edo beldurtzekoa. Seguru asko, bera egongo da beldurtuen».

Atzo arratsaldean, asteazkena, San Frantzisko kaleko etxebizitza bateko azken pisuko balkoi batean agertu zen putre gazte bat. Kike Amonarrizek eta Aiora @probatxoa-k Twitterren jarri zituzten putrearen irudi ikusgarriak. Ez dira putreak askotan ikusten hiriguneetan bertan edo gizakiengandik horren gertu —Tolosako udaltzainek azaldu dute halako kasu bat gertatzen zaien lehen aldia dela—, eta bideoek harridura sortu dute sare sozialean.

Suhiltzaileak eta basozainak asteazkenetik bertatik saiatu dira putrea airera zedin. Gauean saiakera batzuk egin zituen berak ere, baina atzera balkoi berera itzuli zen, eta ostegun goiz honetan han jarraitzen zuen putreak. «Nekatuta egongo zen», azaldu dute basozainek. Azkenean, basozain batek lortu du, balkoitik bertatik, putrea atzematea ostegun goiz honetan, albiste honetako bideoan ikusten den bezala. Halakoetan, putrea harrapatu eta mendialdera eramatea, hori da konponbidea, basozainek azaldu dutenez, «ea han ama aurkitzen duten edo berrindartzen diren».

Dena den, sasoi honetan halakoak ikustea ez dela arraroa gehitu dute basozainek. Gipuzkoan, beste bi herritan gutxienez ikusi dituzte putreak azkeneko egunetan. Beasainen, herrigunean agertu zen beste kume bati lagundu zioten, eta Iker Salaberriak Twitterren jakinarazi du duela egun batzuk Lezon ere ikusi zutela putre bat. 

Artikulu guztia berria.eus-en ikusgai.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!