Iritzia

Ostikoak liztor habiari

Erabiltzailearen aurpegia Martxelo Otamendi 2021eko abuztuaren 17a

Zer erantzungo die AEBetako armadako arduradun batek Afganistanen hildako soldadu amerikar baten gurasoei, azken horiek galdetzen diotenean zertarako bidali zuten haien semea edo alaba gerrara, urte batzuetan pairamena bi aldeetan AEBetan eta Afganistanen sortu eta gero ezer konpondu gabe etxeratzen direla ikusitakoan? 2.400 soldadu amerikar inguru hil dira azken bi hamarkadotan Afganistango esku hartzean.

Bi helburu aipatu zituen Washingtonek Afganistanen gerra pizteko: Al-Qaedaren eremu militarrak suntsituz estatu lurralde batean finkatzea eragoztea talibanei, eta demokrazia sustatzea herri hartan. 150.000 hildako eragin eta gero, bi helburuetako bakar bat ere lortu gabe itzuli beharko dute estatubatuarrek etxera; Korean eta Vietnamen egin behar izan zuten bezala.

Aitortu beharra dago inbasioaren ondorioz sortutako gobernuek, gorabehera askorekin, aukera eman dietela hirietako afganistandarrei hainbat eskubide eta askatasun erabiltzeko; aurretik talibanek oso gogor zigortzen zituztenak, eta hemendik aurrera ere bortizki debekatuko dituztenak.

Beste behin errepikatuko da liztor habiari emandako ostikoaren teoria, zeinaren arabera ez den zuzena herri bat inbaditzea eta are ez-zuzenagoa den behin sartu eta sekulakoak egin eta gero alde egitea. Hori egin du Washingtonek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!