ahomentan

Gehiago balio du urrutitik begiratzean

Erabiltzailearen aurpegia Unai Ugartemendia 2021ko uzt. 18a, 14:30

berria.eus

Lehiaketan sartuta zegoela, naturaltzat jotzen zuen Naroa Agirrek; gerora konturatu zen zenbat balio zuen lortu zuen guztiak. Abraham Olanok zilarrezko domina irabazi zuen garaian, berriz, Olinpiar Jokoek ez zuten hainbesteko garrantzirik txirrindularientzat; balio handiagoa dute orain. Biei distantziak lagundu die Olinpiar Jokoetan egin zuten lana baloratzen, Tokiokoak hastear diren honetan.

Hemeretzi urte dira Abraham Olanok txirrindularitza utzi zuela, eta hiru urte Naroa Agirrek pertikak gorde zituela. Baina erreportajerako argazkiak egiteko Donostian elkartu, eta begiak piztu zaizkie Anoetako belodromoan eta miniestadioan sartu orduko. Donostiako Amara auzoko kirolgune horiek leku esanguratsuak dira haientzat, eta iraganeko garaipen, izerdi eta nekeen oroitzapenak ez dauzkate ahaztuta.

Anoetak eta begietako distira horrek ez ezik, beste zerbaitek ere elkartzen ditu kirolari profesional erretiratu biak. Olinpiar Jokoetan lehiatu ziren biak, eta emaitza onak lortu zituzten. 1996an Atlantan (AEB) eta 2000n Sydneyn (Australia) egon zen Olano; zilarrezko domina bat ere irabazi zuen Atlantan. Ez zuten kointziditu; Agirre Atenasen (Grezia) lehiatu zen, 2004an, eta Pekinen (Txina), 2008an. Seigarren postuan gelditu zen Atenasen, pertika jauzian. Elkarren artean, Olinpiar Jokoen euskal historiaren hamabi urte eta lau ekitaldi laburbiltzen dituzte.

 

Nola gogoratzen dituzue norberaren lehen Olinpiar Jokoetara joan aurreko egunak?

ABRAHAM OLANO: 1996ko Tourra amaitu eta egun gutxira abiatu ginen Atlantara. Espainiako hautatzaileek Tourrera joan baino lehenago egin zuten lehen deialdian, erlojuaren aurkako probarako eta errepideko probarako hautatu ninduten hasieran. Zalantza bakarra zera zuten: erlojuaren aurka nortzuk arituko ziren. Esan dezaket nahiko argi zutela Miguel Indurain eta ni izango ginela. Azkenean hala izan zen, eta ordezko moduan Melchor Mauri eraman zuten. Pena handiena zera izan zen, txirrindulariak herri olinpikotik kanpo geundela Atlantan.

NAROA AGIRRE: Gertutasunagatik, uste dut Atenasera hiru egun lehenago joan ginela. Dena oso azkarra izan zen. Hara joan aurreko egunetan ia entrenatu gabe egon nintzen, atseden hartzea garrantzitsua zelako. Hara iritsi, lehiatu, eta konturatzerako berriro ere etxean nintzen. Pekingoa, aldiz, ezberdina izan zen. Ordu aldaketa geneukan tarteko, eta diziplina ezberdinetako kirolariak joan ginen batera. Atenasera, berriz, talde txiki askotan joan ginen.

Eta nola bizi izan zenituzten lehen Olinpiar Joko haiek? Ezberdinak izan ziren?

AGIRRE: Beste txapelketa batzuen modura bizi izan nituen. Txapelketa ezberdinak dira, baina azken finean lehiaketa berbera da. Urduritasun antzekoarekin bizitzen nituen txapelketak, bai mundialak, bai Europako txapelketak, bai Olinpiar Jokoak. Banekien jokatzen ari nintzenaren saria handiagoa zela, baina, esaterako, Gipuzkoako txapelketa batean ere oso urduri jartzen nintzen. Baina hori seinale ona zen, sasoiko nengoen seinale zen.

OLANO: Guretzat gauza berri bat izan zen. Ez zen urte hasieran jartzen genituen helburu haietako bat. Tourra jokatzetik gentozen, eta haren jarraipen bat izan zela esango nuke. Gaur egun, badira txirrindulari batzuk bereziki Olinpiar Jokoak prestatzen dituztenak. Baina Atlantakoak lehenak izan ziren txirrindulari profesionalentzat, eta bertan egoteko aukera izan genuen. Halere, hiru asteko probak jokatzen ohituta dauden txirrindularientzat ez dira probarik egokienak; gehiago dira klasikoetara ohituta daudenentzako modukoak.

Txirrindularientzat agian ez, baina atletentzat helburu nagusia izaten dira Olinpiar Jokoak.

AGIRRE: Hori pentsatzen ari nintzen! Abrahamen kasuan, Tourra, Giroa edo Espainiako Vuelta jokatzen dituzte urtero, edo tenislari baten kasuan Roland Garros, Wimbledon edo Australiako Opena. Beste kirol askotan, berriz, helburu nagusia Olinpiar Jokoak dira. Une hartan bertan, nik oso modu naturalean jokatu nituen. Ordura arte lortu nituen beste gauza askoren antzera, koska bat gainditzea izan zen. Lehenik Euskadiko Txapelketa lortu nuen, ondoren Espainiakoa, gero gutxiengo altuera lortu nuen… Ez zen egun batetik bestera lortutako zerbait izan han egotea. Zentimetroak igoz nindoan heinean, neure buruari pisua kenduz joaten nintzen. Progresio luze bat izan zen Olinpiar Jokoetara iristea.

 

Jarraitu irakurtzen berria.eus webgunean.

 

 

Abraham Olano

(Anoeta, Gipuzkoa, 1970)

Hogeita bost urte beteko dira aurten: 1996ko abuztuaren 3an zilarrezko medaila bat irabazi zuen Abraham Olanok, Olinpiar Jokoetako erlojupeko txirrindularitza proban. Atlantan irabazi zuen medaila hura, Miguel Indurainek urrezkoa eskuratu zuen proba berean. Hamabi segundo gehiago behar izan zituen Olanok. Sari arrasto luzea utzi zuen txirrindulari profesional gisa lehiatu zen hamarkadan: munduko txapeldun izan zen errepidean 1995ean, eta erlojuaren kontra ere munduko txapeldun bilakatu zen 1998an; txirrindulari gutxik esan dezakete bi titulu horiek irabazi ahal izan dituztela. Espainiako Vuelta bat ere irabazi zuen, 1998an, eta bi aldiz igo zen Giroko podiumera —1996an hirugarren izan zen, eta 2001ean, bigarren—. Espainiako errepideko txapelketa bat eta erlojupeko bi ere irabazi zituen, beste hainbat lorpenen artean. 2002an utzi zuen txirrindularitza.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!