Ikasturte berezia izan da aurtengoa Arrosa sarea osatzen duten 25 irratientzat. Sareak urteurren biribila du aurten: hogei urte igaro dira martxan jarri zenetik. Lehen hazia, ordea, urtebete lehenago erein zuten. Euskal Herriko irrati libre batzuetako hainbat kide bildu ziren Joxemi Zumalabe fundazioak antolatutako topaketa batzuetan, eta hausnarketa kolektibo bati ekin zioten. Ondorio nagusia: beharrezkoa zen irrati horiek elkarlanean aritzea. Handik urtebetera, EHZ Euskal Herria Zuzenean jaialdian batu ziren ostera ere lantalde horiek, eta urte horretan landutako oinarrietatik hasi ziren sarea ehuntzen. Arrosan (Nafarroa Beherea) izan zen festibala, eta sorterriari zor dio izena sareak.
Herri, tamaina eta izaera ezberdinetako irratiek osatzen dute proiektua. Aniztasuna handia da, eta hori da Arrosaren bertuteetako bat, Iraitz Gesalaga koordinatzailearen arabera. Bada zerbait, ordea, guztiek komunean dutena: euskara. Euskaraz sortzen dituzte eduki guztiak, eta alde horretatik ere aniztasun handia daukate: herrialde guztietako irratiak daude sarean; beraz, alde bateko eta besteko euskalkiak entzun daitezke uhinetan. «Euskalki guztiak nahasten dira, eta horrek aberastasuna ematen du. Herri honen bizitasunaren isla da», dio Gesalagak. Izan ere, irratiak trukean aritzen dira, eta batek sorturiko saioak beste irratietan entzun daitezke.