Uemako 91. udalerria izango da Elduain

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2021eko uztailaren 5a

Iturria: Maier Ugartemendia

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide izatea erabaki duen Tolosaldeako 19. herria izango da.

Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko 91 udalerria izango da Elduain (Gipuzkoa). Udalaren osoko bilkurak joan den maiatzaren 31n hartu zuen erabakia, eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak aurreko asteburuan kaleratu zuen ebazpena. Horrenbestez, mankomunitateko kide bihurtuko den Tolosaldea eskualdeko 19. herria izango da.

Amasa-Villabonak eta Zizurkilek hartutako bideari jarraitu dio Elduainek. Hain zuzen, Tolosaldeko bi herri horiek maiatza bukaeran bilakatu ziren Uemako kide. Elduaingo alkate Oihana Amundarainek Uemaren webgunean adierazi duenez, «pozgarria» da Tolosaldeko udal gehienek Uemako kide izatea erabaki izana.

Elduaingo datu soziolinguistikoei dagokienez, 2016an argitaratutako datuen arabera, euskaldunak %94 dira Elduainen. Oro har euskaraz bizi dira bertako herritarrak, baina udalerri euskaldun gehienetan bezala beheranzko joera islatzen dute datuek, Elduaingo kasuan beherakada apala baldin bada ere. 239 biztanle ditu.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!