Iazko abuztuan 80 musikarik Gernikako arbola «ahanzturatik atera eta euskal ereserki» bihurtzeko eskatu zuten Iruñean egindako agerraldi batean, Jose Mari Iparragirre kantuaren egilea sortu zeneko bigarren mendeurrenean. Sinatutako manifestuan adierazi zuten 157 urte dituen abesti ezagunak «hutsune bat bete» dezakeela, historikoki euskal herritarrak «elkartu» dituen kantu bat baita, «joera politiko guztiak ados» jartzen dituena.
Gogora ekarri zuten XIX. mendearen erditik «kolore politiko guztietakoek» kantatu zutela Gernikako arbxola: karlistek eta liberalek, errepublikazaleek eta sozialistek, kontserbadoreek eta iraultzaileek, abertzaleek eta nabarristek... «Frankistek eta naziek Gernika suntsitu zutenean, ordura arte herriaren sinbolismoa harrotu zuen ereserkia demokraziaren, bakearen, herri erresistentziaren munduko ikur bilakatu zen, totalitarismoen aurrez aurre». Dena den, kantua «ia-ia galdua» egon zela nabarmendu zuten, eta horregatik eskatu zuten hura kantatzeko eta berriz ere puri-purian jartzeko.