Elkarrizketa

«Soldaduska garai penagarrian hasi nintzen haikuak idazten»

Erabiltzailearen aurpegia Gorka Arrese 2021eko uztailaren 1a

Iturria: Jon Urbe/ Foku

Hiru mila inguru haiku dauzka idatzita Joxemari Iturralde tolosarrak. Horietatik 99 aukeratu ditu, garai diferenteetakoak, eta Udaberria sutan liburuan plazaratu berri ditu Pamiela argitaletxearekin.

Hamar nobela, lau ipuin liburu, saiakerak, artikulu andana bat eta haur eta gazte literatura argitaratu du Joxemari Iturraldek, baina lehendabiziko poema liburua du Udaberria sutan. Jakingarri berezi bat kontatu du: «Poema liburu batzuk bukatuta dauzkat, karpetetan gordeta».

Azpititulua du liburu berriak: Ia ehun haiku.

Mila haiku eta bat gehiago izeneko liburu bat prest daukat, euskaraz eta gaztelaniaz. Hori argitaratzeak liburu oso mardula egitea esan nahi du. Pamiela argitaletxeak nahi izan du orri bakoitzeko haiku bana ipintzea, arnasa ematea, independentzia eta izaera propioa eduki dezaten. Orduan, 99 aukeratu ditut, eta hitzaurre labur bat egin diet.

Aspalditik idazten al dituzu haikuak?

Haikuen lehen erreferentzia Octavio Pazen liburu batean izan nuen, unibertsitate garaian. Ondoren, 1971n, uda Londresen pasatzen ari nintzela, Japoniako poesia mota horri buruz sakontzen hasi nintzen. Soldaduska garai penagarrian hasi nintzen haikuak idazten, 1973an; efektu baltsamikoa izan zuten. Eta 1978an, Berkeleyn, Kaliforniako Unibertsitatean, Allen Ginsberg eta Peter Orlovsky ikusi nituen errezitatzen. Ordutik gaur arte ari naiz haikuak idazten. Hiru mila inguru izango ditut.

Zer garaitakoak aukeratu dituzu? Eta zein dira gaiak?

Pixka bat denetik. Batzuk aspaldi idatzitakoak dira, eta pandemia garai honetakoak berrienak. Natura, unibertsoa, denbora, eguraldia, harremanak, amodioa eta desamodioa, bakardadea... denetik dago gaien aldetik. Eta sartu ditut gaizki egindako batzuk ere, keinu moduan; benetan haikuak ez direnak ere bai. Apropos egindako jokoak dira.

Elkarrizketa osoa Berria.eus webgunean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!