Lehengo batean / kalearen erdian / Benta-Handi erdian / Xabier anaia, hil zuten. Horrela abestu zuen Imanol Larzabal musikariak Txabi Etxebarrietaren heriotzaz, 1974ko Herriak ez du barkatuko diskoan. Tolosan (Gipuzkoa) bide gurutze batean dago Benta Handi, Azpeitia-Azkoitiara doan errepidea eta Donostia eta Gasteiz batzen dituenarekin bat egiten duen lekuan. Han hil zuten Etxebarrieta ETAko kidea 1968ko ekainaren 7an. Haren omenezko loreak eta ikurrin bat utzi dituzte egunotan, gertaera gogoratzeko Jorge Oteiza eskultoreak eginiko Par móvil (pare mugikorra) eskulturaren azpian.
Albiste izan dira azken egunotan Etxebarrietaren heriotzaren inguruan antolatu diren ekitaldiak. Egiari Zor fundazioak bertan behera utzi zituen ostiralean Etxebarrietaren heriotzari buruzko ikerketaren inguruan larunbatean Bilbon egitekoa zen hitzaldia eta igandean Derioko hilerrian antolatua zuen ekitaldia. Igandean azaldu zutenez, Dignidad y Justicia elkarteak auzitara jo zuen ekitaldiak debekatzeko, argudiatuta «terrorismoa goratzeko» delitu bat izan zitekeela horiek egitea, baina Espainiako Auzitegi Nazionalak baimendu egin zituen. Udalak, ordea, ez zien hitzaldia egitekoak ziren aretoa erabiltzeko baimenik eman.