GAL argitzeko eskatu dute Madrilen, Gonzalez ikertzeko eskaera artxibatu ostean

Erabiltzailearen aurpegia Gurutze Izagirre Intxauspe 2021eko ekainaren 4a

Pili Zabala eta gainerako kideak, Madrilen. Iturria: Berria

Pili Zabala tolosarrak B-Egiaz plataforma aurkeztu du Madrilen, Maria Jauregi, Juan Diego Botto eta Maria del Olmorekin. 120 pertsona ezagun baino gehiagok babestu dute manifestu bat, eta sarean dago atxikimendu gehiago biltzeko.

GALen atzean dagoen «inpunitatea haustera» deitu du gaur Pili Zabalak, Madrilen, Arte Ederren Zirkuluaren egoitzan egindako agerraldian. Juan Diego Botto aktore argentinarra, Maria Jauregi, ETAk hildako Juan Maria Jauregiren eta Maixabel Lasa Patxi Lopezen Jaurlaritzaren biktimen arretarako zuzendariaren alaba, eta Maria Del Olmo Alacanteko artxibo historikoaren zuzendaria izan ditu alboan, agerraldian.

Zabala prentsaurrera atera da Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak artxibatu ostean GALen atzean Felipe Gonzalez ote zegoen ikertzeko Zabalak egindako eskaera. Martxoaren 9an iritsi zen Auzitegi Nazionaleko fiskaltzara auzia ikertzeko eskaera, Zabalak Gipuzkoako fiskaltzan salaketa jarri ostean, eskumen ezagatik, Gipuzkoatik Auzitegi Nazionalera bidalita eskaera. Zabalak fiskaltzari eskatzen zion aztertzeko ea iker zitekeen Felipe Gonzalez, orduko Espainiako gobernuburua, GALen atentatuetan eta desagertze behartuetan eragiteagatik.

Horretarako CIA AEBetako inteligentzia zerbitzuen 1984ko txosten bat gehitzen zuen, iazko ekainean zabaldutakoa, Felipe Gonzalezek «terroristei legetik kanpo aurre egiteko mertzenario talde bat sortzea adostu» zuela dioena, beste hainbat dokumenturekin batera.

Auzitegi Nazionalak preskribitutzat jo du auzia, eta artxiboa agindu du. GAL 1983tik 1987ra egon zen indarrean, estatu terrorismoarekin lotu zen, estatuak finantzatu zuela frogatzera iritsi zen epaitegietan. 27 pertsona hil zituen. Lehen biktimak, 1983an, Joxean Lasa eta Joxi Zabala izan ziren, azken hori Pili Zabalaren anaia.

Auzitegi Nazionalak Gonzalez ikertzeko eskaera artxibatu ostean, Zabalak esan du ekinbide berriak aztertzen ari direla arlo juridikoan: «Egiak ez du inoiz preskribatzen, eta NBEk estatuak behartzen ditu egia argitzera, inpunitatea saihesteko».

Albistea osorik berria.eus webgunean.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!