Alaia dauka ohiko aldartea Iñaki Artolak (Alegia, Gipuzkoa, 1994), baina hizketan hasi eta berehala sumatu zaio ohi baino zoriontsuago dagoela. Segituan aitortu du: «Ezin dut ezkutatu: ilusio handia egiten dit aurreneko aldiz buruz buruko finalerdiak jokatzeak».
Zer pentsatu zenuen Mikel Urrutikoetxearen aurkakoan 22. tantora iritsi zinenean?
Ez naiz zehazki gogoratzen, baina aste osoan pilatutako tentsioa askatu nuen. Kanpotik partida bideratuta zegoela iruditu izanagatik ere, barruan ez da horrelakorik sentitzen lanak bukatu arte. Are gehiago, saiatzen zara burutik kentzen eginda dagoela dioten pentsamenduak, eta tanto guztiak hil ala bizi borrokatzen. Eta 22. tantoa lortzen duzunean dator bat-bateko lasaitua, eta poza.
Poza, lehen aldia baituzu buruz buruko finalerdietan.
Halaxe da. Ezin dut ezkutatu: oso pozik nago. Helburu zehatza jarri nion neure buruari aspaldi: buruz burukoan aurrerapausoa ematea, eta, behingoz, final-laurdenetako langa pasatzea. Binaka, bitan jokatu ditut finalerdiak, eta lau eta erdikoan, Nafarroako Txapelketako finalean aritutakoa naiz. Baina buruz burukoan ez nuen inoiz halakorik lortu. Iaz, gainera, ezin izan nuen jokatu, lesio batengatik. Pena handia eman zidan, ilusio handiz bainengoen, uda osoan Mastersean oso gustura aritu ostean [txapeldun izan zen, Beñat Rezustarekin]. Amorru handia eman zidan ondo nengoen urte bat ez aprobetxatu izanak. Baina ia gutxien espero nuenean eman dut jauzia. Ia gutxien espero nuenean, binakakoan ez bainintzen ibili joko onarekin [azkena izan zen Aitor Arangurenekin, eta bi hilabete egin zituen min hartuta]. Baina buelta eman diot egoerari, eta orain arte gaindiezina zirudien langa gainditu dut. Hemendik aurrera gertatzen dena gertatzen dela, aurrerapausoa eman dut.