Pandemia garaiko urtebetean poema ugari idatzi du Maixa Zugastik (Tolosa, 1973), uda sasoian batez ere, eta horietako bat irakurri du jendaurreko ekitaldian. Baina olerki berrienak aski landu gabe daudenez oraindik, ez dira Hostoen hezurdura unatua liburuan ageri. «Hemengoak duela lau-bost urte idatzitakoak dira», azaldu du Zugastik.
Hamarna poemako hiru atal ditu liburuak; Isiltasuna da lehena, Hitza bigarrena eta Zarata hirugarrena. «Egitura eta poemen kopurua modu kontzientean antolatu dut. Poema batzuk alboratu egin nituen, beste batzuk aukeratu; eta ondoren, asko orraztu eta osatu, eta ikasten saiatu».
Lo galdua izena du liburuko lehendabiziko poemak, eta hortxe dator bildumari titulua eman dion esaldia: «Ametsezko bi gorputz bihurtu gara ohean;/ hostoen hezurdura unatua, udazkenean./ Itxiko ditut begiak/ amets egarriz/ eta oroitzapenez beteko dut hustasuna». Hain zuzen, udazkeneko egun batez sortu ziren olerkiko irudiak. «Aldapatsua da Hernani, nekatuta nindoan lanera, goialdean da ikastetxea. Haren ondoan dago ipar haritz bat. Une hartan hostoak zeuden lurraren gainean, eta adinarengatik edo gaixotasunagatik hildako nire hurbilekoen gorputzak eta hezurdurak gogorarazi zizkidaten. Iruditu zitzaidan nekatuta hiltzen direla hostoak ere. Bikotekidea eta maitea galtzen duen pertsona adindu baten ikuspuntutik idatzitako poema bateko lerroa da, beraz, hostoen hezurdura unatua».
Liburuaren izenburuak Imanol kantariaren Iratze okre geldiak (1982) diskoa ekarri dio gogora Felipe Juaristi idazleari. «Bietan dago naturaren gorazarre gozoa», esan du aurkezpenean. «Imanolenean udazken kutsua garbia da. Maixarenean badago udazken kutsu bat. Urtaroak ez du gupidarik, eta hostoak hain dira hauskor eta erorkor! Hosto eroriak denbora iragana erakusten digu; zuhaitzean dagoenak, aldiz, denbora hortxe dagoela, eskuraezin eta, era berean, neurtezin betiko».