Koronabirusa

Eusko Jaurlaritzak onartu egin du EAEko Auzitegi Nagusiaren erabakia

Erabiltzailearen aurpegia Jon Ordoñez Garmendia / Paulo Ostolaza 2021ko mai. 7a, 19:01

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Labiren bileran, gaur. JON USUAL/EFE

Igandean libre izango da Hego Euskal Herrian mugitzea. Ostalaritzak 22:00ak arte irekita egon ahalko du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta Jaurlaritzak indargabetu egin ditu joko aretoei eta barneko kirol jarduerei zegozkien debekuak ere.

Eusko Jaurlaritzak ez dio helegiterik aurkeztuko gaur goizean EAEko Auzitegi Nagusiak hartu duen erabakiari, eta onartu egin du horrek ebatzi duena. Ondorioz, larunbat gauean Espainiako Gobernuaren alarma egoera amaitzen denean, ez da mugikortasun mugarik izango, ez eta etxeratze agindurik eta bilkurak lau pertsonetara mugatzeko bestelako agindurik ere.

Hortaz gain, ostalaritzak 22:00ak arte zabaltzeko aukera izango du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; hau da, orain arte baino bi ordu geroago. Iñigo Urkullu lehendakariak gaur esan duenez, joan-etorrien gaineko debekuak indargabetuta ez du zentzurik ostalaritzari, joko aretoei eta barnean egiten diren kirol jarduerei eragiten zien debekuak mantentzea.

Aurrerantzean, tabernetako eta jatetxeetako edukierak gehienez ere %50ekoa izango da barnekaldean, baina debekatuta jarraituko du barran edo zutik kontsumitzeak. Mahaiek gehienez ere lau lagunekoak izaten jarraituko dute.

Bilkurei dagokienez, bertan behera geratu da gehienez lau lagun elkar zitezkeela ezartzen zuen debekua. Bi kasutan soilik mantenduko da: ostalaritzan eta kirolean.

Dena den, lehendakariak esan du frogatuta geratu dela orain arteko neurriak eraginkorrak izan direla, eta herritarrei eskatu die borondatez bete ditzatela gauez kalean ez ibiltzeko neurria, edo gehienez ere lau pertsona elkartzekoa.

EAEko Auzitegi Nagusiaren erabakiaren ostean bildu da Labi eta ondoren eman du bere jarreraren berri Jaurlaritzak. Lehenago ere, aurreratu zuen errespetatu egingo zuela auzitegiaren erabakia. Urkulluk atzo esan zuenez, «ez da helegiteekin jokatzeko garaia». Alarma egoeraren bukaerak sortuko lukeen lege hutsunea bete nahi du Jaurlaritzak dekretuarekin, neurri «arrazoizkoak» eta «arrazoituak» jasoz, Urkulluk azaldu zuenez.

 

Jarraitu irakurtzen berria.eus webgunean. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!