Irizpidea eman du auzitegiak, eta ez diola helegiterik jarriko esana du Eusko Jaurlaritzak, beraz igandetik aurrera itxiera perimetralak agintzeko eskumenik ez du izango Eusko Jaurlaritzak, ez autonomia erkidegoarentzat, ez herrialdeentzat, ez eta herrientzat ere. Alarma egoera larunbatetik iganderako gauerdian bukatuko da; hortaz, igandetik aurrera libre izango da mugitzea batetik bestera, Hegoaldean behintzat, ezusteko handiren bat gertatzen ez bada bitartean. Etxeratze agindua ere bertan behera geratuko da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Jaurlaritzaren Labi batzordeak ostiral arratsalde honetan du bilera, 16:30ean, eta horretan erabakiko du bere asmoak nola egokitu. Okerrik ezean, larunbatean argitaratuko du aldizkari ofizialean, eta igandean sartuko da indarrean dekretu berria, baina ezingo ditu herritarren joan-etorriak mugatu. Nafarroako Gobernuak dagoeneko esana du herrialdetik ateratzeko aukera emango diela bertako bizilagunei, beraz Hego Euskal Herrian joan-etorriak libre izango dira igandetik aurrera.