Binakako Txapelketako finalerdietako ligaxka hastear zela iritsi da berria pilotara, berri potoloa, eta erabat ezustekoa: Erik Jakak (Lizartza, Gipuzkoa, 1994) eten egin du 2022ko abenduaren 31ra arte Aspe enpresarekin zuen kontratua, eta Baikorekin sinatu du 2024ko abenduaren 31ra arte. Eibarko (Gipuzkoa) enpresarekin kontratua eten izanagatik ere, buruz buruko txapeldunak azken partida bat jokatuko du Asperen elastikoa soinean eramanda: hilaren 24an izango da, Logroñon (Espainia), Adarraga pilotalekuan. Maiatzaren 1etik aurrera, berriz, Baikoko logoa eramango du bularraldean.
«Oso pozik nago, eta ilusioz gainezka erronka berri honi ekiteko. Aurrerapausoa da niretzat», zioen Jakak Baikorekin sinatu berritan. Azaldu zuenez, «azken asteetan» aritu dira negoziatzen Aspe, Baiko eta bera, eta «horren emaitza» da akordioa. «Denontzat da ona. Hori da garrantzitsuena».
«Gogotsu» dago enpresa berriarekin lan egiten hasteko: «Enpresakide eta entrenamendu lan berriak izango ditut, eta hori pizgarria da beti». Buruz burukoa izango du hurrengo txapelketa, eta «ilusio handiz» ekingo dio: batetik, egungo txapelduna baita; eta, bestetik, Baikorekin jokatuko duen lehen txapelketa izango baita. Binakakotik kanpo geratu izanak eragindako «mina arintzeko» balioko dio ere. «Dezenteko pena dugu. Uste dut nahiko merituak egin genituela irabazteko. Aldaketa honek balioko dit kolpe hori ahazteko».
Jarraitu irakurtzen berria.eus webgunean.