«Ideia batek hunkitzen banau, saiatuko naiz kantu bihurtzen»

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Lizarralde 2021ko api. 11a, 15:47
BERRIA.EUS / JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Hiru hamarkada daramatza musika munduan, baina, atzera begiratu gabe, orainean ditu burua, ahotsa eta eskuak. Hainbat taldetan aritu ostean, Don Inorrez proiektuan dabil orain.

Don Inorrez bihurtu zen, eta esku hutsik dator oraingoan. Ezer ez izateari eta edukitzeari buruzko txantxa bat izan zitekeen, baina musika munduak bizi izan duen urtea kontuan izanda, Imanol Ubedak (Tolosa, Gipuzkoa, 1973) bere buruari nahiz jarraitzaileei egin dien keinua ere izan daiteke Don Inorrez proiektuaren bigarren diskoari Esku hutsik izenburua jarri izana. «Lehen Don Inorrez, eta orain, gainera, esku hutsik! Izenburura eraman dugu, adierazten duelako nola bizi ditugun garai hauek».

Plurala darabil Ubedak, Karlos Aranzegi bateria jotzailea izan duelako lagun eta bidaide Don Inorrezen hasiera-hasieratik. Bide Ertzean taldean ere elkarrekin aritu ziren hemezortzi urtez, eta, proiektu hura etetea erabaki zutenean ere, elkarren eskutik jarraitu zuten. Iragana ahaztu gabe, baina «azalberrituta» aurkeztuko zituen proposamen berri batekin. «Bide Ertzean-en motxila astuna zen, eta, hedabideen nahiz zaleen aurrean, gu, Karlos eta biok, Bide Ertzean-ekoak ginen». Horri ihes egin nahi zioten, beren izaerari uko egin gabe. «Batez ere soinu aldetik aldendu nahi genuen Bide Ertzean-etik, jakinda, halere, garai hauetan, asmatu, ez dugula ezer asmatuko»

Mugiro bila izan zen proiektu berriaren aurreneko emaitza: Paco Loco ekoizle espainiarrarekin grabatu zuten, eta Ubedaren sen melodikoari eutsita ere, Bide Ertzeanenak baino gitarra zorrotzagoak azaleratzen zituena. Abeslari eta gitarristak argi du Don Inorrez abian jarri zutenean power-poperako bira egin nahi zutela, eta horretan ezinbestekoa izan zela Paco Locoren ekarpena: «Hark eman zion taldeari gorpuzkera bat, sonoritate bat. Ohartu ginen posible zela, Bide Ertzean atzean utzita ere, gu geu izaten jarraitzea».

Hiru urte geroago iritsi da Esku hutsik (Lizarbakar, 2021), Don Inorrez-en aldeko apustua «sendotzera» datorren bigarren lan luzea. Horregatik jo dute berriro «aurreko iturrira», Paco Locorengana alegia, kantu berriekin bada ere, lehen disko harekin hasitako bidean arakatu nahi zutelako. Hausturarik gabe. «Beti saiatzen gara beste zerbait eskaintzen, baina aurreko diskoko pertsona eta musikari berberak gara. Esku artean dugun kanta horren bila goaz egunerokoan; ez hainbeste aurrekotik aldentzera».

Mugiro bila-ren jarraipena izanda ere, Esku hutsik ez da hori bakarrik. Batetik, diskoak berak molde ezberdinetako kantuak biltzen dituelako —pop indartsua, tempo ertainak, giro psikodelikoagoak—, eta, bestetik, orain arte hain agerikoak ez ziren rock-and-rollaren zantzuak ere antzeman daitezkeelako pare bat piezatan (Izan liteke eta Chuck eta Little). «Ez naiz ni egokiena diskoa epaitzeko, baina badira aldaketa objektibo batzuk. Bi kantu horiek rock-and-rollera hurbiltzen dira, baina, jakina, gure pop estilotik. Jo genezakeen rock-and-roll klasiko horretara, baina berehala konturatu ginen hori ez dela gure eremu naturala, eta galtzeko gehiago genuela irabazteko baino». Bi kantuok badute «antigoaleko oihartzun bat», baina «gaurko zelofanezko paper batek» bilduak ageri dira diskoan.

«Gurea oso sinplea da», aitortu du Ubedak. «Gure kantuak sinpleak eta melodikoak dira, eta noise ukitu bat bilatzen diegu askotan, estetika gitarrazale bat. Badakigu ez gabiltzala ezer asmatzen». Sinplea izanik ere, poparen funtsezko elementu bati erreparatzen dio musikariak kantuak entzun nahiz sortzean: emozioari. «Ideia batek hunkitu egin behar nau. Eta ideia batek hunkitzen banau, saiatuko naiz lantzen, eta ideia hori kantu bihurtzen». Nolanahi ere, «gehienetan» ez duela asmatzen dio Ubedak. «Ideia bat duzu buruan, eta denborarekin konturatzen zara aurretik eginda zenuela edo ez zela hain ideia ona. Eta eskerrak! Ideia guztiak ez baitira onak». Beste artista batzuengan ere hori bilatzen du, «hunkitzea, barrua harrapatzea», eta kantu jakin bat «etengabe» entzuteko gogoa izatea. «Musikan, oso inportantea da osagai emozionala».

Ubedak onartu du kantu bat idaztea ez dela erraza. «Niretzat ez da inoiz erraza izan». Eta hala ere, gustuko jarduna du, poz txiki eta handiak ematen dizkiona. «Kantu bat amaitzean sentitzen duzun poztasuna... gauza gutxi egongo dira hain politak. Agian poztasun horrek gutxi iraungo du, baina kantu bat bukatzeak asko asebetetzen du».

Jarraitu irakurtzen berria.eus webgunean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!