Esku hutsik datozela adierazi arren, hamar abesti bildu ditu Don Inorrez musika taldeak bere lan berrian: Esku hutsik (Lizarbakar). Bigarrena du, eta Imanol Ubeda eta Karlos Aranzegi taldekide tolosarrek nabarmendu dute aurreko diskoaren «nolabaiteko jarraipena» dela, power-pop estiloa baita nagusi. Dagoeneko jarri dute diskoa salgai, eta, horrez gainera, plataforma digital guztietan entzun daiteke.
2016. urtean Bide Ertzean taldea desegin zenean hasi zen Ubeda proiektu berria martxan jartzen. Aranzegi bateria jotzailearekin elkarlanean bi urte kantuak sortzen igaro ondoren, Don Inorrez izen artistikoarekin aurkeztu zuen Ubedak bakarkako ibilbideko lehenengo diskoa: Mugiro bila. 2019an bi kantuz osatutako Dardara hura singlea argitaratu zuen, eta atzo, berriz, Esku hutsik izeneko lan luze berria. Ubedak eta Aranzegik Youtuben zabaldutako bideo baten bitartez eman dituzte lan berri horren inguruko xehetasunak.
Aurreko diskoaren urratsei jarraituz, Cadizeko (Espainia) El Puerto de Santa Maria herrian grabatu zituzten abestiak iazko udan, Paco Loco ekoizlearen gidaritzapean. Gainera, aurreko diskoko formula bera erabili dute, eta musikari talde berbera mantendu dute: Ubeda eta Aranzegiz gainera, Jacob Reguilon (baxua) eta Loco (gitarra, teklatuak) daude.
Jarraitu irakurtzen berria.eus webgunean.