«Euskal eragileek ez dute arazorik izaten kalitate estandarrak betetzeko»

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Igartua Aristondo 2021ko urt. 10a, 10:14
BERRIA.EUS / JUAN CARLOS RUIZ / @FOKU

Hamar urte bete ditu institutuak, eta hamaika dira urteotan aurrera eramandako egitasmoak. Halere, beste horrenbeste dira aurrera begira egin beharrekoak: hala nola pandemiak izandako ondorioak kudeatu, eta euskal sorkuntzen itzulpenak hauspotu.

Munduko hainbat bazterretako plazetara jalgi da euskara. Horren erantzule nabarmenetariko bat da Etxepare Euskal Institutua. Hamar urte bete zituen iaz, eta ubera luzea du atzean dagoeneko: besteak beste, Euskal Herritik kanpoko 4.000 ikasle izaten ditu euskarak urtero haren unibertsitate eta euskal etxeen sareari esker, eta euskal sortzaileak ohiko bihurtu dira jada nazioarteko kultur jaialdi eta azoketan. Are, jaialdion zutabeetako bat ere izatera heldu dira, iazko Euskal Herria Eskozian egitasmoan, kasurako. Irene Larraza zuzendariak (Tolosa, Gipuzkoa, 1970) institutuak egitasmo horietan egin duen «zubi lana» nabarmendu du: «Kulturgileen zerbitzura gaude».

Etxepare Euskal Institutua sortu zen euskal munduan zegoen gabezia bat konpontzeko. Nolakoa zen orduko egoera?

Bazeuden egitasmo batzuk euskal kultura eta hizkuntza kanpora eramateko. Etxeparek, sortu zenean, horiek denak jaso egin zituen, eta urteen poderioz jasotzen jarraitu du betebeharren arabera, bai irakaskuntzan, baita sustapenean ere. Gainera, ildo berri batzuk gehitu dizkie egitasmoei.

Zein da urte hauen balorazioa?

Batez ere garrantzitsua dela gurea bezalako hizkuntza eta kultura batek horrelako institutu bat izatea. Ez da hain ohikoa hizkuntza gutxitu batek halako tresna bat edukitzea, katalanak ere badu, baina ez da ohikoa izaten; normalki, hizkuntza hegemonikoak eta estatu mailakoak izaten dira kanpoan aritzeko gaitasuna daukatenak, baina gu ere Europako gainontzeko institutuekin gabiltza harremanetan eta elkarlanean Etxepareren bitartez. Alde horretatik, bide luzea du egiteko, eta milaka aukera ditu, eta dituen baliabideekin egiten ari den urratsak sendoak dira.

Etxepareren lan egiteko eredua gainontzeko institutuen antzekoa da, edo ez datoz bat?

Gure ereduak, besteekin alderatuta, badu alde nagusi bat. Normalki, kultura eta hizkuntza institutuek egoitzak izaten dituzte kanpoan; beraz, hizkuntzaren irakaskuntza eta kultur proiektu nagusiak horietan egiten dira. Gure eredua beste bat da: ez dauka kanpoko presentziarik, ezta kanpoko egoitzarik ere; beste modu batean egituratzen da. Batetik, irakaskuntzaren sarea osatzen dute unibertsitateek, eta, bestetik, euskal etxeek. Munduan 35 unibertsitatetan irakasten dute euskara eta euskal kultura, bederatzi katedra daude goi mailako ikerketak sustatzeko, eta 80 pasatxo euskal etxe daude Etxeparek koordinatuta euskara eskolak eskaintzen dituztenak. Sare hori malguagoa da, baina eraginkorra, nahiko esparru zabala hartzen duelako.

Eta euskal kulturaren sustapenari dagokionez?

Hainbat gauza egiten dira. Jakina da kanpoan dabiltzan sortzaile eta eragileak ez daudela bakarrik, Etxeparerekin batera doazela baizik. Zorionez, euskaldunak oso kultur ekintzaile indartsuak gara, eta asko aspalditik ari dira kanpoan ere; horiek dira enbaxadorerik onenak. Alde batetik, Etxeparek mugikortasuna laguntzen du, eta kanpoko egitasmoak diruz laguntzeko aukera dago, baita itzulpengintza edo beste ildo batzuk bultzatzekoa ere. Beste alde batetik, badira egitasmo batzuk zuzenean Etxeparek antolatzen dituenak. Euskal leiho deitzen diegu, hemen herri bat eta hizkuntza bat dagoela ezagutarazteko egiten ditugu, lagin horiek ikusita hona begira jar daitezen.

Jarraitu irakurtzen berria.eus-en.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!