«Euskaraldiko egunik garrantzitsuena biharamuna da»

Erabiltzailearen aurpegia Lander Muñagorri Garmendia 2020ko abe. 8a, 14:04

Ariguneak izan dira Euskaraldiaren berritasun nagusia, eta Amonarrizen ustez «sekulako oinarria eskaintzen dute aurrerapauso esanguratsuak emateko». Euskararen erabilera indartzeko dinamikak ere espero ditu.

Euskaraldiak izan duen erantzunarekin gustura dago Kike Amonarriz (Tolosa, Gipuzkoa, 1961) Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria. «Egin da, eta hori bada garrantzitsua». Pandemia betean egonda, eta euskal hiztun komunitatea zenbatekoa den jakinda, 180.000 pertsonak parte hartu izana «ikaragarria» iruditzen zaio. Horregatik, lehen balorazio oso positiboa egin du.

Euskaraldiak balio izan dizu hizkuntza ohiturarik aldatzeko?

Balio izan dit jabetzeko non ditudan zailtasunak. Nahiz eta nire egunerokoan euskaraz bizi naizen, ohartu naiz erdaraz ohituraz egiten dudan pertsonekin euskara gehiago erabili dezakedala.

Euskaraldian parte hartu duen pertsonaren profila honakoa izan da: 30-44 urte arteko 'ahobizi' emakume gipuzkoarra. Zer esaten dizu horrek?

Erakusten digu erradiografia oso erreal bat, eta adierazten dizkigu gehiago jorratzeko esparruak. Emakumeen presentzia askoz nabarmenagoa da euskalgintzan, eta horrek eraman behar gaitu hausnarketa batera. Badago gai horrekiko kezka, eta eragile asko ari gara hausnartzen horri buelta nola eman. Gipuzkoaren nagusitasuna ez da harritzekoa hizkuntzaren egoera soziolinguistikoa aintzat harturik. Gipuzkoari badagokio motor izatea, eta aurretik joatea. Pello Jauregik Abbadia saria jaso zuenean, esan zuen Gipuzkoak bere buruari jarri beharko liokeen helburua dela lurraldea arigune bilakatzea. Azkenik, sakon jorratu behar da belarriprest gehiagorengana nola iritsi.

Zuk esana da: Euskaraldiak erakutsi behar zuela euskaraz bizitzeko hautua egin duen gizarte bat badagoela. Hala izan al da?

Nik uste erakutsi dela. Egin kontu 180.000 pertsonak eman dutela izena, eta badakigu parte hartzaileak gehiago direla. 25.000 arigune ere sortu dira egoera honetan. Ez gara ari euskararen aldekotasuna erakutsi duen jendeari buruz, baizik eta euskararen erabilera indartzeko eta hizkuntza ohiturak aldatzeko konpromisoa hartu duen jendeaz. Zaila izango da lortzen gizarte honek hizkuntzarekiko duen konpromisoaren inguruko agerkide argiagorik.

Elkarrizketa batean esan zenuenez, Euskaraldiaren eraginez ez bada aurrerapausorik ematen, ariketak zentzua galduko luke. Zer espero duzu orain?

Euskaraldiak zentzua du erabilera indartzen den neurrian, eta erabilera indartzeko dinamikak sustatzen dituen neurrian. Hori da Euskaraldiaren funtsa. Hor pedagogia sozial handi bat dagoela uste dut, adierazten duena oso modu argian hizkuntza biziberritzearen prozesua denon ardura dela. Gure arteko indarrak zenbat eta gehiago metatu, orduan eta emaitza hobeak izango ditugu. Hemen lotutakoari, gainera, segida eman behar zaio, Euskaraldiko egunik garrantzitsuena biharamuna baita. Orduan eman behar zaie segida izandako lorpenei.

Jarraitu irakurtzen Berrian

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!