Aspalditik ezagutzen dute elkar

Erabiltzailearen aurpegia Ainara Arratibel Gascon 2020ko azaroaren 20a

Jokin Altuna eta Dario Gomez, atzoko pilota aukeraketan. ASPE

Altuna eta Dario pozik daude igandeko finalerdirako aukeratutako pilotekin. Biek uste dute bikotekidea konfiantzaz dagoela.

1996an jaiotakoak dira biak. Nerabe zirenetik jokatu dute elkarren aurka, eta ondo ezagutzen dute elkar. Baina ez dira aurrez aurre egon halako garrantzia duen partida batean. Igandean, Astelena pilotalekuan, buruz buruko finalean egoteko lehiatuko dira. Altunarentzat bigarren finala litzateke. Lehenbizikoan 22-14 irabazi zion Olaizola II.ari; Dariorentzat, berriz, lehena. Altuna ageri da faborito nagusi, baina Dariok ezustea eman zuen aurreko astean Irribarria egungo txapelduna kanpoan utzita, eta beste balentria bat egin nahi du. Biek atzo aukeratu zituzten iganderako pilotak, eta pozik zeuden topatutakoarekin.

Adar berean Irribarria eta Ezkurdia bezalako pilotariak egonda, azkenean, ezustean, Dario aurrean izatearen inguruan hausnartu zuen Altunak: «Zozketa egin zenean, ingurukoek esaten zidaten adar gogorra egokitu zitzaidala. Baina nik zozketari ez diot garrantzirik ematen. Pilotari guztiek maila handia dute. Orain gauzak ez ditut zozketa ostean baino errazago. Igandean partida ona egiten ez badut ez dut irabaziko».

Darioren inguruan ondorengo ezaugarriak nabarmendu zituen: «Fisikoki ahalmen handia du. Oso hanka bizkorrak ditu, eta pilotari jotzean oso elektrikoa da. Bi eskuekin abiadura ematen dio pilotari, eta sakean oso ona da». Aurkariarentzat lehen finalerdia izatea ez du uste harentzat abantaila bat denik. «Nik uste dut final-zortzirenetan Iraitz [Zubizarreta] kanporatu zuenetik lasaiago ari dela jokatzen. Hain bolada onean dagoen jokalari bat arriskutsua da beti». Bere burua ondo ikusten du. «Eskuetatik ondo nago, eta disfrutatzen ari naiz».

Darioren aurka jokatzeak «ilusioa» egiten dio. «Oso ondo ezagutzen dugu elkar, eta poza ematen dit gauzak ondo ateratzen ari zaizkiolako. Baina nik ilusio handia dut bigarren finala jokatzeko».

Jarraitu Berria-n irakurtzen

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!