Gutxienekoak

Erabiltzailearen aurpegia Amagoia Gurrutxaga Uranga 2020ko aza. 8a, 10:14
Iturria: Berria.eus / Monika del Valle / FOKU

Aurten ez da erakusmahairik izango Durangoko Azokan, baina modua izango da diskoak eta liburuak 'online' erosteko. Gerediaga elkarteak gaur hilabete jakinarazi zituen aldaketok; gaur hilabete bukatuko da aurtengo edizio eraldatua. Azokaz, kultur munduaren egoeraz eta aurrera egiteko gakoez aritu dira Miren Narbaiza, Olatz Osa eta Garbine Ubeda, Plateruenan.

Durangoko Azokaren Zero Eremua, Landako gunearen ataria. Bidaiatzeko baimen berezia patrikan eta maskara musuan heldu dira Miren Narbaiza musikari eta Ahotseneako koordinatzailea (Eibar, Gipuzkoa, 1986), Olatz Osa Elkar argitaletxeko zuzendaria (Oñati, Gipuzkoa, 1970) eta Garbine Ubeda idazlea (Ibarra, Gipuzkoa, 1967) —EIE Euskal Idazleen Elkarteko lehendakaria ere bada—.

«Ezer ez da berdin aurten»: horiek izan dira argazkiak egin bitarteko lehen hitzak. Ezer ez da berdin, ez; ezta Durangoko Azoka ere. Gaur itxita dauden Landakoko ateek ez dute milaka pertsonaren pasaera ikusiko hilabete barru. Ez da munduaren akabera, berez; euskararena bezalako mundu txiki batentzat, baina, zulo beltz bihur daiteke. Ondoan dagoen aretoa, Plateruena, horren adibide da. Itxi egingo dute laster, iragarria dutenez. Ateak ireki dizkiote egunkari honi, mahai ingurua egiteko.

Argitaletxeek eta diskoetxeek kezka handia adierazi zuten Durangoko Azokaren aurtengo aldaketen berri jakin berritan. Idazleen artean zer sumatu duzu, Garbine?

GARBINE UBEDA: Nik ez ditut ikusi idazleak Durangoko Azokari buruz hizketan. Nahikoa lan dauka bakoitzak bere buruarekin. Azokaren aurtengo eraldaketak nire ustez zer ekarriko duen esango dizut, beraz. Ikusgarritasuna eta kulturaren batasunaren zentzua pikutara doaz, esaterako. Esaten zaigu online salduko dela, baina kontua ez zen saltzea bakarrik. Urte bakarra baldin bada, hor nonbait. Hala ere, izango du ondoriorik.

Azoka naturara eramaten baldin badugu, gure biodibertsitatea erakusten zuen; txikienetik handienera, denek zeukaten toki bat. Hor agertzen zen garen guztia edo gehiena. Hori aurten ez dugu izango; biodibertsitate hori galdu dugu. Nire arlora ekarriz, askoz liburu aurkezpen gutxiago egingo dira, disko aurkezpenak ere bai. Gutxiago egite horrek nora eraman gaitu? Goizeko bederatzietan webgune batean sartu eta elkarren artean lehian hastera, aurkezpen gutxietako bat geurea izan zedin. Nik uko egin diot horri. Ikaragarria iruditzen zait.

Jarraitu irakurtzen: www.berria.eus

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!