Koronabirusa

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herri guztiak itxiko dituzte

Erabiltzailearen aurpegia Irati Urdalleta 2020ko urr. 26a, 19:51

Etxeratze agindua ezarri dute Hego Euskal Herrian 23:00etatik 6:00etara. Bihar sartuko dira indarrean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako neurria. Nafarroako Gobernuak debekatu egin du batera bizi ez direnak etxeetan elkartzea

Neurri gogorrak hartu dituzte Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek ezingo dute euren herritik atera. Halere, "ohiko igarobideko" udalerri mugakideetara mugitzeko aukera egongo da, jarduera sozioekonomikoak egiteko. Arabatik, Bizkaitik eta Gipuzkoatik ateratzea eta lurralde horietara sartzea ere debekatuta egongo da, orain arte Nafarroarekin gertatzen zen bezala.

Eremu publikoan eta pribatuan elkartzeko aukera ere murriztu du Eusko Jaurlaritzak: gehienez sei pertsona bildu ahal izango dira, eta elkarrekin bizi diren pertsonak izango dira salbuespena. Dekretua gaur bertan argitaratzea espero dute, eta horrela bada, bihar 6:00etan jarriko dute indarrean. Hamabost egunean egongo da indarrean. Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak eman du neurrien berri, eta Arabako Bizkaiko eta Gipuzkoako egoera "arduratzeko modukoa" dela nabarmendu du.

Etxeratze agindua izango da beste aldaketa nagusietako bat: Hego Euskal Herrirako herritarrek ezingo dute kalean ibili 23:00etatik 6:00etara. Salbuespen batzuk ezarri dituzte: kalera ateratzeko aukera egongo da botikak erosteko, erietxera joateko, albaitariarengana larrialdi batekin joateko, lanera joateko, etxera itzultzeko eta adinekoak, adingabeak edo mendekotasuna dutenak zaintzeko. 00:00etatik 6:00etara ez da garraio publikorik egongo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Ostalaritzari dagokionez, gune gorri izendatu dituztenetan izango da aldaketa bakarra: 21:00etan itxi beharrean, 23:00 arte luzatu ahal izango dute ordutegia. Izan ere, bertan behera geratuko dira orain arteko neurriak.

Nafarroako Gobernuak ere dagoeneko zehaztu ditu herritarrek izango dituzten mugak. Besteak beste, debekatu egin dute batera bizi ez diren pertsonak eremu pribatuan elkartzea. Soilik bakarrik bizi direnek eta mendekotasunen bat dutenek izango dute horretarako aukera. Eremu publikoan, berriz, gehienez sei lagun bildu ahal izango dira.

jarraitu irakurtzen berria.eus-en.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!