Kondairaren hezurmamitzea

Erabiltzailearen aurpegia Enekoitz Telleria Sarriegi 2020ko urr. 24a, 19:25

Aranzadi zientzia elkarteak gordeko ditu Altzoko Handiaren hezurrak, oraingoz. Erreplika bat sortuko dute, eta ikerketa zentroen esku jarriko dituzte DNA laginak.

Deitu zirrara, deitu inpresio, edo deitu emozio. Kaxa gris batzuen barruan, aluminio paperean bilduta, eta plastikozko poltsa gardenetan sartuta. Migel Joakin Eleizegi Arteaga jartzen du kaxa bakoitzaren kanpoaldean. Hain dira hezur handiak, ezen zilarrak ez dituen denak erabat inguratzen. Tentuz ateratzen ditu Lourdes Herrastik, eta jartzen ditu 2,40 metro dituen eskeleto margotuaren gainean. Hitz bakoitza da lezio bat. 64 zentimetroko femurra, masailezurra, bizkarreko ornoak... 160 urteren joana egia bihurtuta. Hezurrek kondaira bat benetako bihurtzen duten une hori.

Aranzadi zientzia elkartearen egoitzan daude Altzoko Handiaren hezurrak, eta han jarraituko dute, oraingoz. Abuztuaren 14an topatu zituzten, Altzoazpiko hilerriko hezurtegian (Gipuzkoa). Lourdes Herrasti izan zen indusketa haren arduradunetako bat, eta azaltzen du nola eraman dituzten jada harekin batera topatutako beste hezurrak Altzoazpiko hilerriko hezurtegira. «Aztertu eta sailkatu genituen, eta haien artean topatu genituen saihets zati batzuk-eta Migel Joakini zegozkionak. Hezurdura guztia ez dugu osatu, beraz, baina azkena topatutako horiek lehengoei erantsi dizkiegu, eta %80 inguru osatu ahal izan dugu».

Baina ez da hor amaitu hezurren bidea. Irekita daude bi lerro: erreplikarena eta ikerketarena. «Gure asmoa da hezurduraren erreplika bat egitea. Lehenengo, pieza guztiak eskaneatuko ditugu, eta, ondoren, erreplika egin. Horiek dira hemen gordeko direnak. Hezurrak familiari entregatuko zaizkio. Eduki nahi ditugu hezurren hiru dimentsioko kopiak, eta litekeena da berreraikitze bat egitea ere».

DNA laginena da beste bidea: «Biocruces eta Biogune ikerketa zentroek interesa agertu dute. Akromegalia eta erraldoitasun gaixotasunen arteko ezberdintasunak ari dira ikertzen, eta hezurren laginak lortu nahi dituzte, ikertzeko eta ikusteko zerk eragin zion horrelako tamaina izatea: erraldoitasunak, akromegaliak...». Aranzadi zientzia elkartearen zeregina izango da lagin horiek haien esku jartzea.

 

Jarraitu irakurtzen berria.eus-en.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!