Altuna eta Ezkurdia: «Borondaterik onenarekin jokatu dugu, ez gara erabiliak izan»

Erabiltzailearen aurpegia Paulo Ostolaza 2020ko urr. 23a, 16:35

Ohar bat plazaratu dute Aspeko bi pilotariek. Aitortu dute badakitela Pilotarien Elkartearen aurkezpenak gaizki-ulertuak sortu dituela, baina gehitu dute azaldu zituzten helburuek indarrean jarraitzen dutela: «Pilotarien Elkartea guztion eskubideak borrokatzeko tresna egokiena dela uste dugu».

Pilotarien Elkartea sortu zuten astelehenean Altunak, Ezkurdiak, Olaizola II.ak eta Urrutikoetxeak, «pilota profesionalaren arazoari ahalik eta lasterrena irtenbidea bilatzen saiatzeko». Gainerakoei 48 ordu eman zizkieten bat egiteko, baina greban dauden pilotariek azkar eman zieten ezezkoa; haiek azaro amaierara arte greban daude.

Jokin Altunak eta Joseba Ezkurdiak gaur erantzun diote azken egunetan «euren inguruan sortutako zalapartari». Argi utzi dute hasieratik borondaterik onenarekin jokatu dutela, eta inoiz ez direla erabiliak izan: «Esku pilotaren aferak hartu zuen norabidea ikusita, tartean sartzeko erabakia hartu genuen, gure ekarpenekin, bizitzen ari garen arazoek maila ezezagun batera ihes egin dutelako. Blokeatuta ikusten genituen Baikoren eta ELAren arteko negoziazioak». 

Azaldu dute horregatik iruditu zitzaiela egokiena Pilotarien Elkartea sortzea, buruhauste askoren ondoren: «Elkarte honen babespean greban dauden pilotariek dituzten aldarrikapen guztiak bideratzeko aukerarik aproposena zela iruditu zitzaigun». Jasotako kritikei dagokienez, aitortu dute astelehenean argitaratutako oharra ez zutela behar bezala azaldu, eta konturatu direla gaizki ulertuak eragin zituela. «Erantzunak 48 orduko epe laburrera murriztea ere ez zen egokia izan», gehitu dute.

Hala ere, biek esan dute ez zutela inondik inora ere elkartearen buru izateko asmorik —hori izan da jaso duten kritiketako bat—, eta astelehenean ezarritako helburuek indarrean jarraitzen dutela: «Pilotarien Elkartea guztion eskubideengatik borrokatzeko tresnarik egokiena dela uste dugu, denak elkarrekin esku pilotaren etorkizuna lantzeko».

Grebalariak, kritiko

Hasiera-hasieratik elkartearekin «harrituta» azaldu ziren gainontzeko pilotariak, eta kritikatu egin zuten elkartea sortu zutenek hartutako jokabidea. Haien arabera, duela hilabete elkartea eratzeko proposamena egin zieten Olaizola II.ari eta Urrutikoetxeari, eta ezetz esan zieten. Mugimendu hori, gainera, greban dauden hamabost pilotariekin hitz egin gabe egin izana gaitzetsi zuten.

Hala azaldu zuen Ibai Zabalak: «Ez dugu ulertzen, eta egunen batean azaldu beharko digute. Guk nahiko genukeena da, gauzak Whatsapp bidez egin beharrean, elkartu eta gauzak ondo azaltzea. Tolosan argi esan genuen gure helburua elkarte bat sortzea dela. Bide hori jorratu nahi dugu, baina oraindik ez dugu egin, gure enpresan arazo batzuk ditugulako konpontzeko. Uste genuen Aspekoekin batera elkarte hori sortu aurretik etxe barruko arazoak konpondu behar genituela. Ez dugu ulertzen ataka eta egoera estuan gauden momentu honetan horrelako elkarte bat sortzea guk auzitan ditugun arazoak konpontzeko, nola, eta grebalariak kontuan hartu gabe. Ez du ez zentzurik, ezta logikarik ere. Guk jakina sortu nahi dugula elkarte bat, eta horren parte izan, baina gauzak ondo, logikaz eta gardentasunez egiten direnean, eta uste dugu astelehenekoa ez zela egin ez logikaz, ezta gardentasunez ere».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!