Baikoko arduradunak eta greban dauden enpresako hamabost pilotarien ordezkariak bigarrenez bildu bezperan iritsi da berria. Pilotarien Elkartea sortu dute Joseba Ezkurdiak, Jokin Altunak, Mikel Urrutikoetxeak eta Aimar Olaizolak. Lau pilotari horiek atzo bildu ziren, arrazoi zehatz batzuk bultzatuta: «Gaur egun pilota profesionalak eta lehiaketek duten egoera ikusita, eta egunak pasatzen ari direla eta gauzak zailtzen ari direla ikusita, arazoari ahalik eta lasterren irtenbidea bilatzen saiatzeko». Pauso batzuk ematea erabaki dute; horien artean, Pilotarien Elkarte bat sortzea. Haiek gidatuko lukete, eta soilik EPELn ari diren pilotariek parte hartuko lukete. Haien asmoa da elkarte honek negoziatzea esku pilota profesionalaren sektorean etorkizunean sor daitezkeen puntu garrantzitsuak.
EPELekin bildu dira, eta haien asmoa azaldu diote, eta zenbait planteamendu egin dizkiote: duela gutxi kontratuak berritu ez zituzten pilotariekin negoziatzen has daitezela. Diotenez, EPELek onartu egin du horietako batzuekin hitz egiten hastea; buruz burukoaren hasiera astebete atzeratzea eskatu diote ere, eta hori ere onartu egin du EPELek.
Haien asmoa Pilotarien Elkartea EPELeko pilotari guztientzat «zabalik» egotea da. Hori dela eta, pilotari guztiei eskaini diete 48 orduko epean haiekin bat egiteko. Bultzatzaileek espero dute egiten hasi diren urratsak «esku pilota profesionala eta pilota bizitzen ari den egoera hobetzea, eta normaltasuna lehenbailehen lortzea».