Grebarako eskubidea ezbaian ikusten dute

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Manterola 2020ko urr. 7a, 11:32
Lanuzteak iragarri dituzten Baikoko pilotariek enpresari eta Enpresen Ligari adierazi diete ez dutela onartuko «greba eskubidea urratzea».

Baiko enpresako pilotarien gehiengoak eta ELA sindikatuak uste dute grebarako eskubidea urratzeko saialdiak egiten ari direla enpresa eta Pilota Enpresen Liga. Etzitik astelehena bitarte dira egitekoak aurreneko lau lanuzteak, eta atzo agiri bidez jakinarazi zuten azken orduetan Baiko eta Enpresen Liga hartzen ari diren erabaki batzuen inguruko kezka eta haserrea. «Argi utzi nahi dugu ez dugula onartuko grebarako daukagun oinarrizko eskubidea urratzen duen jarrera bakar bat ere», esaten dute agirian. Eskualdeko Iñaki Artola alegiarra, Beñat Urretabizkaia Ikaztegietarra, Jon Ander Peña tolosarra eta Jon Erasun zizurkildarra daude deialdiarekin bat egiten dutenen artean.

Baikok iragarrita dauka larunbatean Gernikako jaialdian Aspe enpresako pilotariekin osatuko dituela partidak, bi enpresetako pilotariak nahasian jarriz. Grebara deitu duten pilotariek beste adibide bat ere eman dute: «Ligak asmoa omen dauka larunbatean Agirreri eta Albisuri Binakako Txapelketako finalerdia galdutzat emateko, pilotariek greba eskubidea gauzatzen badute». Baikori beste hau ere leporatu diote: «Pilotari berrien debutak eta kontratuak dataz aurreratu ditu grebalariak ordezkatzeko». Enpresaren eta Ligaren jarrera horiek «guztiz legez kanpokoak» direla diote. Konponbide bakarra ikusten dute: «Gatazka asteburu hau baino lehen konponduko ez balitz, legezko irtenbidea eta ontzat ematen dugun bakarra da partida horiek bertan behera uztea».

Ondorengoa esan dute asteburu honetako egoerei aurre egiteko Enpresen Ligak darabilen aukera bati buruz: «Ezin da erabili aztertzen ari den araudia. Izan ere, pilotariak faltako balira, araudi horretan datorren estaldura-sistema ezin zaio ezarri greba eskubidea gauzatzeagatik jokatuko ez duen pilotariari». Oinarrizko eskubide baten urraketaz mintzo dira: «Ez dago araudirik, erabaki administratiborik edo liga profesionalik oinarrizko eskubide hori urratzeko ahalmena duenik». Urraketa horri bide emango dioten jarduerak ikusten badituzte, Lan Ikuskaritzara joko dutela diote, baita Fiskaltzaren aurrera ere greba eskubidea urratzen duten enpresen edo sozietate-talde guztien aurka: «Ez ditugu onartuko langile taldearen elkartasuna eta ahalegina gutxitzeko helburua duten jarduerak, eta adi egongo gara greba eskubidea errespetatzen dela ziurtatzeko».

Jarraitu Berria-n irakurtzen

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!