Batasun irudi sendoa eskaini zuten atzo Dimako (Bizkaia) Garena jatetxe atarian bildu ziren aizkolariek. Euskal Herriko Herri Kirol Federazioarekin dituzten desadostasunak aletu eta aurrerantzean egingo dituzten urratsak jakinarazi zituzten lehen mailako aizkolari guztiek eta bigarren mailan ari diren zortzik. Lehen mailan daude Jexuxmari Mujika ibartarra eta Jon Irazu zizurkildarra, eta bigarren mailakoen artean Berrobin bizi den Asier Pellejero aresoarrak bat egin du. Azken urteetan, eta, bereziki, azken hilabeteetan gertatutakoak azaldu eta epe laburrean dituzten asmoak jakinarazi zituzten.
Euskal Herriko txapela bost aldiz jantzi duen Aitzol Atutxak eta Iker Vicente egungo txapeldunak egin zituzten bozeramaile lanak: «Euskal Herriko herri kirol federazioarekin bilera ugari izan ditugu azken urteetan, baina haietan sentitutako deserosotasunak gero eta indar handiagoa hartu du». Besteak beste, «hitzemandakoak» ez direla bete salatu dute lehenengo mailako hamabi aizkolariek.
Joan zen ekainaren 29an federazioak Euskal Herriko txapelketak ez antolatzeko erabakia ezagutarazi eta gero, erakundean dagoen «utzikeriaz ohartu» ziren kirolariak. Azaldu dutenez, haietako askok «prentsaren bidez» jakin zuten erabakiaren berri, «txapelketak jokatzeko urte erdi baten faltan».
Beren bide propioa jorratzea erabaki zuten orduan: «Jakin eta berehala, gure artean zerbait egitea erabaki genuen. Federazioarekin harremanetan jarri, eta orain arte sarritan eskainitakoa eskaini genien berriz ere: hau da, txapelketa guk geuk antolatzea. Ezezko borobila jaso genuen».
Horiek horrela, beren aldetik lehiaketa bat prestatzea erabaki dute aizkolariek; bi jardunaldi izango ditu: urriaren 25ean jokatuko dute kanporaketa, Zestoan (Gipuzkoa), eta azaroaren azken asteburuan Iruñean jokatuko dute finala. Lehia federatiboaren molde bereko txapelketa izango da.
Aitzitik, abuztuaren 20an beste ohar bat kaleratu zuen federazioak, txapelketak jokatuko zirela iragartzeko: «Egoera horren aurrean aizkolariok bi txapelketa 'berdin' ditugu aurrez aurre. Erabaki beharra zegoen, biak aurrera atera, biak bertan behera utzi edota bietako bat aukeratu».