«Herri proiekturik ez dut ikusten, ez alde batean, ez bestean»

Erabiltzailearen aurpegia Enekoitz Telleria Sarriegi 2020ko ira. 20a, 13:19
Argazkia: Jon Urbe / FOKU

Talaia ederra da Alkiza goitik behera eta goitik aurrera begiratzeko. Ariketa horixe egin du Irazabalbeitiak: egindakoari eta egiteke duenari begiratu. Eskarmentu handiz ari da kimikaz, Elhuyarrez eta UEUz. Zintzotasunez ari da politikaz. Pasioz errugbiaz.

Ez da erraza Inaki Irazabalbeitiaren (Donostia, 1957) ibilbideari esku bakarrez heltzea. Kimikan lizentziatua, Elhuyar Fundazioko zuzendari eta sortzaile, UEUko zuzendari eta kide, zientzia dibulgatzailea, Aralar alderdiko kidea eta Gipuzkoako zerrendaburua, Europarlamentaria, euskaltzain urgazlea, idazlea... Alkizako (Gipuzkoa) udaletxera baratzeko lanak eginda iritsi da: «Mahastian aritu naiz lanean. Ehun landare jarri ditugu etxean ardo zuria egiteko asmoz, baina haizeak parra batzuk mugitu ditu, eta haiek zutik jartzen eta adar batzuk mozten ibili naiz».

Alkizako alkate independentea. Izendapen bat da hori? Jarrera bat da hori?

Nire kasuan, jarrera bat da. Nik ibilbide politiko bat daukat. Euskadiko Ezkerran hasi eta Tolosako EH Bilduko zinegotzi gisa amaitu. Alkizan alkate izatea proposatu zidatenean, garbi neukan alderdiaren loturatik eta diziplinatik kanpo nengoela, eta nire ikuspegitik begiratu behar niela herriaren interesei.

Zer da anetola?

Molekula organiko bat da, anisari usaina ematen dion substantzia.

Memoria ona duzu.

Oraindik bai.

Kimikaria zara. 1986ko tesiaren izenburua: Prekozenoen sintesi-bidean: anetol eta deribatuen eraztun aromatikoaren hidroxilazio eta nitrazioa. Valladoliden aurkeztu zenuen [Espainia].

Kimikaria naiz bai, eta kimika irakaslea ere izan nintzen Donostiako fakultatean, tesi hori aurkeztu nuen arte. Gutxi batzuk akordatzen dira horrekin. Josu Jon Imaz, esaterako [Repsoleko kontseilari ordezkaria]. Berak beti oroitarazten dit klasetik bota egin nuela. Laborategiko praktikak ematen nituen, eta, nonbait, talde bat jolasean hasi zen hango tresneriarekin, eta ordena apur bat jarri nahian edo, bota egin nituen. Geroztik tratu ona dut berarekin.

Baina Valladoliden ez zenuen kimika bakarrik ikasi.

Mundu bat deskubritzea izan zen hura. Etxetik kanpora lehen aldiz, pisu batean apopilo. 1974. urtea zen, frankismoaren azken urteak ziren, giro oso mugitua zegoen hiri hartan. Fasa Renault enpresa zegoen bertan, greba gogorrak egin ziren, ikasle mugimendu indartsua zegoen, eta horietatik milaka euskaldunak ziren, ez zegoelako hemen garai hartan unibertsitate publikorik. Valladolideko unibertsitate barrutian geunden gu, eta hara joan ginen.

Garai berezia zen.

Jende asko sartu zen orduan unibertsitatean. Asko. Ikasle bizitza aktiboa zegoen, eta bizitza politiko oso aktiboa ere bai. Hango ikasleen artean zeuden garaiko alderdi politikoetako ordezkariak, eta baziren batzuk. Horrek markatu ninduen, bai.

Jarraitu irakurtzen berria.eus-en.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!