Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 2020-2021 ikasturteari buruzko argibideak eman ditu. Aldaketa nagusietako bat ikasturtea hasteko data da: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailako ikasleak eta Batxilergokoak irailaren 15ean hasiko dira, eta ez irailaren 7an. Ez da aldaketarik egongo Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, DBH1eko eta DBH2ko ikasleentzat: irailaren 7an hasiko dira. Hezkuntza presentziala izango da eta ordutegia ez da jarraitua izango HHko eta LHko ikasleentzat.
Lanbide Heziketan ere ez dute hasiera data mantenduko. Goi mailako zikloetan, hilaren 14an hasiko dira bigarren mailakoak eta 16an, lehenengo mailakoak. Erdi mailako zikloak beranduago hasiko dira: bigarren mailakoak, hilaren 21ean eta 23an, lehen mailakoak.
Maskararen erabilera "indartu" egingo dutela ziurtatu du Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak. Horrenbestez, LH1etik aurrerako haurrek erabili beharko dute, baita 1,5 metroko distantzia mantentzen dutenean ere. Haur Hezkuntzan, ez da derrigorrezkoa izango, baina "posible den kasuetan" erabili beharko dute. Irakasleek beti erabili beharko dute maskara.
Baliabide gehiago jarriko dituztela azaldu du Uriartek. Zehazki, 1.000 irakasle gehiago kontratatzea aurreikusi dutela ziurtatu du geletan ikasle gehien dituzten ikastetxeetarako. "Momentu honetan ikusten ari gara nolako beharrak egon daitezkeen". Haren hitzetan, ikastetxez ikastetxe aztertuko dute zein behar dituzten.
Irakasleak ez ezik, zenbait ikastetxek espazio gehiago ere beharko dituztela uste du Hezkuntza Sailak. Hori dela eta, Uriartek azaldu du Hezkuntza Sailak EUDELi udalen "lankidetza" eskatu diola udalen instalazioak uzteko.
Ikasgeletan positiboak agertzen direnean nola jokatuko duten ere azaldu du Uriartek. Lehenik, ez dute eskolara joan beharko COVID-19aren sintomak dituzten ikasleek eta langileek, ezta berrogeialdian daudenek ere. Ikasleei ikastetxean daudenean sintomak agertzen bazaizkie, aparteko gela batera eramango dituzte, maskara jantziko zaie eta familiek osasun zentroarekin harremanetan jarri beharko dute. Positibo ematen badute, bi egoera egongo dira: haurra bizikidetza talde egonkorrekoa denean, kontaktu estutzat hartuko dituzte taldeko pertsona guztiak; bizikidetza talde egonkor batekoa ez denean, berriz, ikastetxeko harreman estuak identifikatuko dituzte. "Osasun Publikoko Zerbitzuak eta Lan Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuak balioetsiko du ea irakasleak eta ikastetxeko langileak kasu baieztatuaren kontaktu estutzat hartu behar diren", erantsi dute. Kontaktu estutzat dituzten pertsonei "jarraipen aktiboa" egingo diete, eta etxean egon beharko dute berrogeialdian.