«Euskaraz hitz egingo duen» Jaurlaritza bat eskatu dute 300 kazetarik baino gehiagok

Erabiltzailearen aurpegia Maddi Ane Txoperena Iribarren 2020ko abu. 27a, 19:59
Maite Artola Euskadi Irratiko esataria eta Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendaria, gaur, Koldo Mitxelena Kulturunean. Haiek irakurri dute adierazpena. BERRIA

«Berdintasun defizit bat zuzentzeko helburuarekin» sailburu eta arduradun euskaldunak izendatzeko eskea egin diote «datorren Eusko Jaurlaritza osatu behar duen arduradun nagusiari». Tartean dira, 'Tolosaldeko Ataria'-ko hainbat kazetari.

325 kazetari euskaldunek eskaera argia egin diote gaur Eusko Jaurlaritzari: euskaraz lan egin eta informatu ahal izan dezaten, Jaurlaritzako hurrengo arduradunak euskaldunak izan daitezela. Gaitasunean eta kalitatean ere jarri dute arreta: «Ez dira aski euskarazko adierazpen irakurriak edota ardura gutxiagoko ordezkarien euskarazko bozeramailetza behartuak». Nabarmendu dute arduradunen «betebeharra» dela informazioa eta zehaztasunak euskaraz ematea, baita kazetarien galderei euskaraz erantzutea ere.

Euskal Herri osoko komunikabideetako kazetari euskaldunek izenpetu dute Euskaraz hitz egingo duen Jaurlaritzaren aldeko manifestua, eta gaur goizean aurkeztu dute, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariak eta Maite Artola Euskadi Irratiko esatariak irakurri dute adierazpena. Bertzeak bertze, BERRIA, Argia, Jakin, Gara, Hamaika Telebista, Naiz, Gaztezulo, Elhuyar, Euskal Telebista, Euskadi Irratia, Eitb.eus, El Diario Vasco, Radio Euskadi, Naiz Irratia, Pikara Magazine, Eldiario.es eta euskarazko tokiko komunikabide anitzetakoek eman diote atxikimendua -zerrenda osoa, hemen-. Manifestuan adierazi dute «berdintasun defizit bat zuzentzea lortzeko helburua» dutela eskaerarekin: «Ezaguna da euskaraz lan egiten dugun kazetariok, euskaraz egite hutsagatik eta gure hizkuntzaren egoeragatik, urteetan iraun duen desberdintasun egoera batean ari garela lanean». Azaldu dute «herritar guztion ardura» dela euskara normalizazio «osora» eramatea, baina zeregin horretan «lehen mailako erantzukizuna» dutela erakunde publikoek.

Arduradunen «betebeharra»

Azpimarratu dutenez, «informazioa zorrotz, egoki eta zuzen» ematea da komunikazioan aritzen diren profesionalen «egitekoa», baita euskaraz jarduten duten profesionalena ere: «Horretan jartzen dugu gure lan, indar eta gogo osoa: gure irakurleei, entzuleei eta ikusleei lehen mailako informazioa helaraztea dugu helburu». Nabarmendu dute, gainera, egungo «une historikoan inoiz baino beharrezkoagoa» gertatu dela komunikabideetako profesionalen lana: «Oinarrizko jarduera da gurea, eta garrantzi ezinbesteko horren jakitun landu behar ditugu albisteak, egiazkotasunez eta eraginkortasunez».

informazioa eta zehaztasunak ematea. Eta hori bi hizkuntza ofizialetan egitea». Galderen erantzunetan ere jarri dute arreta: «Kazetariaren betebeharra da galderak egitea; arduradun politikoen erantzukizuna, berriz, horiei erantzutea. Baita euskaraz ere».

Hori ez da hala gertatzen, ordea, manifestuaren sinatzaileen ustez. Hain zuzen, «euskarazko adierazpen irakurriak edota ardura gutxiagoko ordezkarien euskarazko bozeramailetza behartuak» ez direla «aski» salatu dute: «Ez dira aski euskaraz ari garen komunikabideetako profesionalontzat, eta, batez ere, ez dira aski informazioa euskarazko komunikabideetatik jasotzen duten herritarrentzat». Hala, hori berriro gerta ez dadin eta «euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizko legea onartu eta 38 urtera», heldu den Eusko Jaurlaritza osatu behar duen «arduradun nagusiari» galdegin diote «euskaraz hitz egiten duten» sailburu eta arduradunak izenda ditzala: «Euskaraz hitz egingo duen Jaurlaritza zor zaio euskal kazetaritza profesionalari. Euskaraz hitz egingo duen Jaurlaritza zor zaie herritarrei».

Ikusi BERRIA-n.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!