Atzo ezarri zuen Eusko Jaurlaritzak osasun larrialdia, eta gaur bildu da Labi batzordea —Larrialdiari Aurre Egiteko Bidea— lehen neurriak adosteko. Iñigo Urkullu Jaurlaritzako jarduneko lehendakaria izan da batzordearen buru, eta bertan izan dira sailburuak eta Diputazioetako ahaldun nagusiak ere. Bilera horretan, ezarriko diren lehen neurriak adostu dituzte, eta aste honetan zehar jarriko dituzte martxan.
Arantxa Tapia Industria sailburuak azaldu du momentuz Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalerri guztiei eragingo dieten neurriak zehaztu dituztela, baina eremu jakin bati soilik eragiten dioten neurriak ere ezar ditzakete aurrerago, tokian tokiko egoera epidemiologikoaren arabera.
Neurriok jendea pilatu daitekeen guneei eragingo diete batik bat. Izan ere, kaleko edozein eremutan ezingo dira hamar pertsona baino gehiago egon; ez terrazetan, ez parkeetan eta ez kirol jardueretan. Neurri horrek eragina izango du turismo jardueretan ere.
Ostalaritzari dagokionez, ixteko ordua ostiralean Espainiako Osasun Ministerioak ezarritakoa izango da: 01:00ean itxi beharko dute, eta gauerditik aurrera ezingo da bezerorik sartu. Gainera, 1,5 metroko tartea errespetatu beharko da, ez soilik mahaien artean, baita mahai bereko pertsonen artean ere, eta eserita soilik kontsumitu ahal izango da. Jatetxeetan, ezingo dira aldi berean 60 pertsona baino gehiago egon jaten. Horrez gain, diskotekek eta gaueko tabernek ezingo dute ireki, eta gazte lokalak erabiltzea debekaturik egongo da.
Bestalde, beilatoki eta hiletetan gehienez 30 pertsona egon ahalko dira, barruan zein kanpoan izan. Igerilekuetako edukierak ere %60ra murriztuko dira, eta gehienez ere hiru orduz egon ahal izango da bertan.
Kalean erretzeko debekua ere indarrean jarriko du Jaurlaritzak. Ezingo da kalean erre bi metroko tartea mantentzerik ez badago. Neurriek eragina izango duten beste eremu bat garraio publikoa izango da. Gaueko garraio zerbitzuak 01:30era arte luzatuko dira gehienez ere, eta bi orduko bidaiak baino laburragoak direnetan, ezingo da jan; bai, ordea, edan.
Jarraitu irakurtzen Berria-n.