Diskotekak eta gaueko tabernak ixteko agindu du Madrilek

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2020ko abuztuaren 14a

Salvador Illa Espainiako Osasun ministroa gaurko agerraldian. Argazkia: Chema Moya / EFE

Neurriak zorroztuko dituzte Hego Euskal Herrian, egoera epidemiologikoak okerrera egin duela eta. Gainerako taberna edo jatetxeek 01:00ean itxi beharko dute, eta gauerditik aurrera ezingo da bezero gehiagorik sartu. Kalean erretzea ere debekatuta egongo da, bi metroko tartea bermatu ezin bada.

Salvador Illa Espainiako Osasun ministroak neurri berriak iragarri ditu. Egoera epidemiologikoak okerrera egin duela eta, arau berriak adostu ditu Osasun Ministerioak autonomietako presidenteekin. Hitzartutako arau gehienek gaueko aisialdiari eragingo diote; izan ere, Illaren esanetan, «ezinbestekoa» da gaueko aisialdia bertan behera uztea pandemiaren bilakaera eteteko. Beraz, diskotekak eta gaueko tabernak ixteko agindua eman du. Gainerako taberna eta jatetxeek ere izango dituzte murrizketak: 01:00ean itxi beharko dute, eta gauerditik aurrera ezingo da bezero gehiagorik sartu.

Egunotan hizpide izan den beste arau bat ere ezarri du Illak: erretzea debekaturik egongo da Hego Euskal Herrian, bi metroko tartea utzi ezin daitekeenetan, eta kaleko zurruta ere debekaturik egongo da. Ministroaren esanetan, ezin da edari alkoholdunik edan kalean, eta isunak ezartzeko eskatu die udalei. 

Aisialdiari ez ezik, bestelako eremuei eragingo dieten neurriak ere iragarri ditu Illak. Zahar etxe guztietan PCR probak egin beharko dizkiete egoiliar berriei bertara sartu baino 72 ordu lehenago. Gainera, oporretatik itzuli diren edo lanean hasi berri diren langileei ere egingo dizkiete testak. Era berean, zahar etxeek mailaka antolatu beharko dituzte bisitak, jendea ez pilatzeko, eta egoiliarren irteerak mugatuak izango dira. Bestalde, ekitaldi jendetsu bat egiten den aldiro arriskuen azterketa bat egin beharko dute tokiko agintariek, Espainiako Osasun Ministerioak jarduera horien inguruan adosturiko irizpideei jarraituz. Ministroak, era berean, jakinarazi du PCR probak egingo dizkietela talde jakin batzuei agerraldiak daudenetan; besteak beste, zahar etxeetakoei, ikastetxeetakoei edo kolektiborik zaurgarrienei. 

Jarraitu irakurtzen Berrian

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!