Misterioa argitzeko garaia da

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Jimenez Larrea 2020ko abu. 13a, 19:00
Altzoko hilerriko indusketa lanak. Argazkia: Jon Urbe / FOKU

Altzoko Handiaren hezurren bila ari da Aranzadi elkartea Altzo azpiko hilerrian, hura hil zenetik 160 urte igaro diren honetan. Hezurrak bertan dauden egiaztatu nahi dute.

Goizean goiz da, eta den ordurako beroa nabari da giroan. Altzo azpiko (Gipuzkoa) elizaren arkupearen freskoan hamar bat pertsona dabiltza joan-etorrian, palak, aitzurrak, orgak eta beste hainbat lanabes esku artean dituztela. Elizaren albo batean, apur bat ezkutaturik dauden eskailera batzuk igo dituzte denek banan-banan. Hilerrira doaz, indusketa bat hasi behar baitute bertan.

Izan ere, Migel Joakin Eleizegi Arteagaren hezurrak bilatzeko asmoa dute; Altzoko Handiarenak, alegia. Istorioak dioenez, «hiruk bezala jan eta lauk bezala edaten» zuen altzotar horren gorpuarekin zer gertatu ote zen misterio hutsa da herrian, eta, indusketa horrekin, behin betiko argiturik geratuko da. 20 urte zituela hasi zen neurrigabe hazten —akromegalia zuen—, eta laster ekin zion Europan zehar bere handitasun harrigarria jendeari erakusteari: 2,40 metro inguru. Hainbat herrialde bisitatu eta gero, jaioterrira itzuli zen, eta 1861. urtean hil zen. Gorpua Altzo azpiko hilerrian lurperatu zuten, baina gaur egun bi teoria daude haren gorpuzkien inguruan: bata, lurperatutako leku berean aurkitzen direla; bestea, behin lurperatu eta gero hezurrak lapurtu egin zituztela.

Altzoko Handiaren hilobiaren aurrean hiruzpalau kamera jarri dituzte Aranzadi elkartekoek, indusketa dokumentatu ahal izateko. Carlos Almorzak hartu du hitza: «Gaur, 2020ko abuztuaren 12an, Altzo azpiko hilerrian gaude, Migel Joakin Eleizegi Arteagaren gorputzaren aztarnak hemen dauden edo ez jakin nahian». Kide guztiak adi, Altzoko Handiaren senideak ere gerturatu dira. Zirrara berezia nabari da giroan.

Begoña Altuna Altzoko Handiaren familiakoa da; seigarren belaunaldiaren parte da, hain zuzen. Etxean beti entzun izan du istorioa, eta gaur seme-alabak ere ekarri ditu hainbeste aldiz entzun duten «ipuin» horretako pertsonaia hori ikustera. «Kontatu izan diguten hori egia den edo ez ikustera gatoz. Nire amak beti esaten du ingelesek eraman zituztela Altzoko Handiaren hezurrak», dio Altunak.

Kameren aurrean eman beharreko azalpen guztiak eman eta gero, segituan jarri ditu Paco Etxeberria zientzialari forentseak indusketako kide guztiak lanean: «Etorri hona aitzurrekin eta palekin; pasaidazue mesedez kutxa hori». Konturatzerako, orgak lurrez beterik atera dituzte. Etxeberriarekin batera, Lurdes Errastik gidatzen du espedizioa. Honako hau esan du Errastik: «Inoiz haren gorpua hemendik atera bazuten, agian bertan utzi zituzten azkeneko falangeak, oinetakoak edo eskuetakoak. Tamainaz handiagoak izango dira, eta orduan erraz igarri dezakegu harenak direla». Sakoneran metro bete zulatu beharko dute gutxienez, arrastoren bat aurkitu ahal izateko.

Jarraitu irakurtzen Berrian

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!