Koronabirusa

Gipuzkoako ostalariek salaketa jarriko dute gaueko aisialdia mugatzearen aurka

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Rekondo Izagirre 2020ko abuztuaren 10a

Uste dute «neurrigabea» dela 01:30ean ixteko agindua, eta laguntza ekonomikoak galdegin dituzte.

Bizkaiko eta Gipuzkoako ostalariek auzitara joatea erabaki dute. Orain dela bi aste, Eusko Jaurlaritzak 01:30era mugatu zuen gaueko aisialdiaren ordutegia, eta ostalariek «neurrigabea» dela uste dute. Hector Sanchez Bizkaiko Ostalaritza Elkarteko kideak adierazi du neurri horrek ez dituztela «ostalarien eskubideak errespetatzen», eta tabernak ordu horietan ixteak «errentagarritasun guztia» kentzen diela.

Ostalariek eskatu dute ordutegiak luzatzeko eta ohiko jardunari bidea zabaltzeko. Betiere, osasun neurriak errespetatuz: maskarak erabiltzea eta tenperatura hartzea. Sanchezek adierazi duenez, ez kutsatzeko neurriak errespetatuko dituzte, baina «laguntza ekonomikoen» edo «erreskate plan» baten beharra dagoela azpimarratu du.

Errekurtsoa gaur eta bihar artean aurkeztuko dute Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian. Elkarteek epaitegiari galdegin diote behin-behineko neurriak hartzea, Jaurlaritzaren agindua bertan behera gera dadin. Izan ere, hala egin du Aragoiko (Espainia) Auzitegiak: ostatuak 01:00etan ixteko agindua baliogabetu du, «justifikatu gabe» zegoelakoan eta ondorioak «larriak» liratekeelakoan.

Arabako ostalarien elkarteak adierazi du bat datorrela Gipuzkoako eta Bizkaiko kideekin, baina ez du bat egingo salaketarekin, gaueko aisialdiak ordezkaritza txikia duelako elkartean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!