Hiru astean Euskal Herriko mendietako isiltasuna hautsi ondoren, igandean eskaini zituen azken doinuak Urmuga jaialdiak. «Pozik» agertu da Migel Zeberio (Tolosa, Gipuzkoa, 1966) festibalaren sustatzailea izandako harrerarekin, jarraitutasuna berme ekonomikoen eskuetan dagoela onartu duen arren.
Nola joan da Urmuga?
Balorazioa bikaina da, aurreikusita zegoen guztia bete delako. Hemeretzi eguneko ibilbidea pentsatu genuen, eta nahi bezala burutu da. Egun horietan, Urmugak Euskal Herri osoa zeharkatu du, eta ibilbide hori musikaz bustitzea lortu dugu, aurreikusitako ekitaldi guztiak egin ahal izan direlako. Eguraldiak ere lagundu digu, eta hori ezinbestekoa izan da, egungo egoerarekin ez genuelako emanaldiak leku itxi batean egiteko aukerarik.
Harrera ona izan du?
Ikaragarria, jende kopuruaren eta erantzunaren aldetik. Edukiera mugatu behar izan da, baina ikus-entzuleak ilusioz eta esker onez hurbildu dira. Borobila izan da: goi mailako ekitaldi aberatsa, ñabardura askokoa.
Koronabirusaren ondorioz, aldaketarik egin behar izan duzue?
Antolatzeko garaian. Herri askotan jaiak bertan behera utzi eta gero, halako ekitaldi bat egitea kontraesanezkoa suertatu zitzaien. Festa giroan gerta daitezkeen egoera batzuk Urmugan ez zirela gertatuko azaldu behar izan genien, pedagogia pixka bat egin. Adibidez, Baionako prefekturak, Baigorriko ekintzarako baldintzak jarri baitzituen, antolatzaileak zoriondu zituen igandean. Jendea lasai joan da: neurriak bete ditugu, eta erakutsi dugu kultura egiteko modu asko daudela, eta ez dagoela zertan ekintza guztiak bertan behera utzi; nolabait, kulturari ez daukan toki hori eman behar zaiola. Erakustaldi bat ere izan da, eta gogor lan egin da horretarako; gure ahalmenak mugatuak ziren, kultur ekintzaileak garelako, ez kultur enpresa bat.
Jarraitu irakurtzen Berria.eus-en.