Bere txikitasunean sortu zen Tolosaldeako emakumezkoen arraun taldea, orain dela hiru urte. Harro ziren kostaldekoa ez den herri baten izenean trainerua uretaratzeaz. «Arraun elkarte batzuek, sortu eta berehala, irabazteko taldea egiten dute. Tolosaldea ez zen horrela jaio. Luzerako proiektua zen gurea, talde oso gaztea baikenuen». Estibalitz Segurola (Tolosa, Gipuzkoa, 1990) arraunlariaren aitorpena da. Hiru urteren ondoren, ordea, arraunlarien «heldutasunak» salto kualitatibo handia ematera bultzatu du Tolosaldea, ETE ligan sailkapeneko postu gorena ukitzeraino, baita egonkortzeraino ere. «Aurretik egindako lanak merezi izan du», biribildu du Naroa Becerril arraunlariak (Tolosa, Gipuzkoa, 2001).
Aurtengo denboraldian, jokatutako bi estropadetan nagusi izan da Tolosaldea. Pasaian astindu zuten lehen trapua, «benetan berezia», Segurolaren eta Becerrilen esanetan. Bigarrena, berriz, Getarian, aurkariak aise menderatuta. Oraindik goiz da, baina tolosarrek garbi utzi dute, gaur-gaurkoz, banderen lehian egoteko eta Euskotren Ligako kanporaketa jokatzeko hautagai ziurra direla. Segurolarentzat ez da ezustekoa izan: «Lehian hasi aurretik, nahiko garbi nuen denboraldi ona egingo genuela, eta lehen estropadan ikusi zen ontziak misil baten antzera hegan egin zuela». Becerril ere eroso sentitu da traineruan. «Arraunketa ona hartuta, ontziari abiadura emateko gaitasuna izan dugu. Sentsazio onak ditugu». Harago doa Segurola: «Aurten, beste urteetan ez bezala, geure buruarekiko konfiantza edukitzea izan da gakoa. Hemen indar handia dago».
Gipuzkoako Txapelketan laugarren izan ziren, Arraun Lagunak-engandik ehuneneko gutxira. Ondorio garbia atera du orain artekoaz: «Hemendik aurrera badakigu postu apalen bat lortzen badugu ez dela izango daukagun mailagatik, egun txar bat izan dugulako baizik».