Pablo Iglesiasek Pili Zabalari esan dio ez dela "une egokia" ikerketa batzorde bat osatzeko

Erabiltzailearen aurpegia Jon OrdoƱez 2020ko eka. 19a, 09:53

Joxi Zabalaren arreba eta Ahal Duguko parlamentari ohiak "egoneza eta kezka" adierazi dizkio Unidas Podemoseko buru eta Espainiako presidenteordeari, eta proiektutik aldentzen dela jakinarazi dio.

"Etsipena", hitz horrekin adierazi du Pili Zabalak Pablo Echenique Espainiako Kongresuko Unidas Podemoseko bozeramaileak atzo GALez esandakoarekin sentitutakoa. Joxi Zabala GALen biktimaren arreba eta Ahal Duguko parlamentari ohiak Euskadi Irratian adierazi du atzo horren berri izan ondoren, Pablo Iglesias Podemoseko buruari deitu ziola eta "egoneza" eta "kezka" adierazi zizkiola adierazpen horiengatik. Echeniquek atzo esan zuen ez dutela babestuko Espainiako Kongresuan Felipe Gonzalezen eta GALen arteko harremana ikertzeko ikerketa batzorde bat osatzea: «Mundu guztiak daki zer gertatu zen», esan zuen, CIAk aste honetan desklasifikatu duen agirien berri izan ondoren.

Zabalak azaldu duenez, Iglesiasi esan dio bera proiektu baten parte hartu zuela, baina Podemosek Madrilen erabakitzen badu ez eskatzea ikertzeko ikerketa batzordea osatzea, proiektu horretatik aldentzen dela, eta harremana "hoztu" egiten dela. Azaldu du Iglesiasek esan diola ez dela orain une "egokia" ikerketa batzorde hori eskatzea, ez litzatekeelako aurrera aterako. Zabalak erantzun zion, ordea, ez zuela hori ulertzen, "ekintzek ondorioak dituztelako".

Ikerketa batzorde hori eratzea ez babestea atzerapausotzat jo du Zabalak. "Ez dut ulertzen. Non geratzen dira gure eskubideak? Ez dituzte errespetatu", esan du. "Handiak txikia jaten du", gaineratu du. Adierazi du, baina, Ahal Duguko jendeak adierazi diola ez dagoela ados Madrilen Unidas Podemosek hartu duen erabakiarekin eta asko eskertzen diela.

Pili Zabala 2016ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako Ahal Duguren lehendakarigaia izan zen. Ezustekoa izan zen bere izendapena; Joxi Zabalaren arreba izanik, GALen biktimen ikur izan zen hainbat urtez eta sekula ez zen politikan aritu. Ahal Duguk 11 legebiltzarkide lortu zituen 2016ko irailaren 25ean. Ahal Duguren talde parlamentarioaren buru izan izen Zabala, baina 2018ako abuztuan politika utziko zuela iragarri zuen egungo politikagintzaren helburua "jendearen izen ona zikintzea" dela salatu ostean. Hala ere, legegintzaldia amaitu arte jarraitu zuen Eusko Legebiltzarrean, baina ez taldeko buru gisara.

Joxi Zabala 1983ean hil zuen GALek. 1983tik 1987ra Ipar Euskal Herrian izan zen gerra zikinaren lehen atala izan zen Josean Lasa eta Joxi Zabalaren aurkakoa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!