Atzo iragarri zuen Espainiako Gobernuak Hego Euskal Herri osoa konfinamendua arintzeko hirugarren fasera pasako dela astelehenean, eta gaur eman ditu xehetasunak Eusko Jaurlaritzak. Nekane Murga Osasun sailburuak eta Arantxa Tapia Ekonomia Garapen eta Azpiegituretarako sailburuak prentsaurrekoa eman dute.
Hirugarren fasera pasatzeak «garrantzi handia» duela esan du Tapiak. Mugikortasunari eta ordutegiei dagokienez, mantendu egingo dute 70 urtetik gorakoentzako ordutegia. Hala ere, gogorarazi du «nahi dutenean» ateratzeko aukera dutela gogorarazi dute. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrek herrialde batetik bestera ibili ahal izango dute, inolako mugarik gabe; oraingoz, ezingo dira Nafarroara joan, ezta alderantziz ere. Garraio publikoak %100 edukiera eta maiztasuna izango ditu, eta maskarak jantzita erabili beharko dira.
Gainera, aurrerantzean, hogei pertsona biltzeko aukera egongo da etxeetan, lokal pribatuetan edo erabilera publikoko espazio irekietan, beti ere babeserako neurriak hartuta.
Astelehenetik haur eskolak irekitzeko aukera egongo da 0-3 urteko haurrentzat, gehienez ere %60an. Tapiak horren atzean kontziliazioa dagoela aipatu du.
Hezkuntzarekin jarraituz, Ibaiondo zentroa irekiko dute, eta ospitaleko, etxeko eta hezkuntza terapeutikoko hezkuntza arretarako lurralde zentroetan aurrez aurreko hezkuntza jarduerari ekingo diote. Unibertsitatean ere jarduera presentziala itzuliko da, «jarduera hori aurrez aurre ez egitea ezinezkoa den kasuetan». Jarduera presentziala izango da bikaintasuneko ikerketaren esparruan, eta ikerketa eta administrazioa laguntzeko gainerako laborategietan eta zerbitzuetan ere.
Haur eta gazteentzako aisialdi jarduerak ere arautu dituzte. Aire librean egiten direnean, gehieneko edukieraren %60ra mugatuko dute parte hartzaileen kopurua, eta gehienez 200 pertsonak parte hartuko dute, hezitzaileak barne. Eremu itxietan egiten direnean, berriz, ohiko edukieraren %60ra mugatuko dute parte hartzaileen kopurua, eta gehienez 80 lagunek parte hartu ahal izango dute parte hartzaile izango dira, hezitzaileak barne. Kasu batean zein bestean gehienez hamabost laguneko taldeetan –hezitzaileak barne– egingo dituzte jarduerak.
Ostalaritzan, elkarte gastronomikoetan eta jatetxeetan berriz, ez da gehienezko edukierarik egongo, baina bi metroko distantziak mantendu beharko dira mahaien artean. «Barrura sartzea eta barran zerbitzua ematea baimentzen da, bezeroen edo bezero taldeen artean bi metroko distantziarekin», zehaztu dute. Merkataritzarako erabiltzen diren guneak gehienezko edukieraren %60an egongo dira irekita, eta espazio komunetan eta jolas guneetan ere neurri bera errespetatu beharko da.
Hoteletan eta turismorako erabiltzen diren beste ostatuetan, eremu komunak irekiko dituzte, %60ko edukierarekin. Liburutegiak, museoak, zineak... irekita egongo dira, gehienez %60ko edukierarekin. Kirol instalazio guztiak irekitzeko aukera egongo da, baita igerilekuak ere, %60ko edukierarekin. Turismo aktiboko eta naturako jarduerak eta ariketa fisikoa 30 pertsonako taldeetan egiteko aukera egongo da, betiere, distantziak mantenduz. Espainiako gobernuak aurkakoa esan badu ere, diskotekak eta gaueko tabernak itxita mantenduko beharko dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Bestetik, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak COVID-19 izurritearen kudeaketaren ardura osoa hartuko dute, baita egoera berrira egokitzeko erabakiak hartzeko ere.
Eguneko datuak
Beste lau kutsatu antzeman dituzte PCR bidez: Araban bat eta hiru Bizkaian. Beste zazpi pertsona hil dira azken orduetan. Hala ere, datuen joera «positiboa» dela ziurtatu du Murgak.