«Memoria bisual ona» duela dio Juan Jose Agirre beneditar eta Lazkaoko dokumentazio guneko arduradunak (Alegia, Gipuzkoa, 1930). Agian horregatik azaltzen ditu xehetasun osoz 1930eko, 1940ko eta 1950eko hamarkadetako pasadizoak: berdin baserri giroko haurtzaroa, beneditarren komentuan emandako eskola urteak eta Lazkaon era klandestinoan artxibatutako historia zatiak. Izan ere, artxibozaina baino gehiago izan da Agirre urte hauetan guztietan. Herririk herri paskinak, aldizkariak eta pegatinak bilduta, Euskal Herriko historia garaikidearen kronistarik arretatsuena ere izan da.
1930ean jaio zinen. Horrek esan nahi du mutil koskorra zinela 36ko gerra piztu zenean.
Bai, gogoan dut nola sartu ziren frankistak Nafarroatik, Donostia hartu behar zutela eta. Ni Alegiakoa naiz, eta akordatzen naiz menditik behera nola jaisten ziren, tiroak jotzen. Gure ama baserrian zegoen. Hara igo, eta orduan aditu genituen tiro hotsak. Altzotik [Gipuzkoa] zetozen. Tiroak entzuten genituen, eta ez genekien zer ari zen gertatzen. Nik memoria bisual ona daukat, gainera, eta ederki akordatzen naiz erreketeak eta horiek guztiak kalean ere ikusi genituela.
Kalean desfilatzen?
Bai, bai. Gurasoek ez dakit zer pentsatuko zuten, baina guretzat, behintzat, erdi festa zen hura. Umeak ginen. Handik urtebetera, 1937an, herrian agertzen zirelarik, hara joaten ginen gu ere, militarren atzetik. Erdaraz egiten zuten dena, eta guk ez genuen txintik ere entenditzen. Esaten ziguten «Viva España!», eta guk ideiarik ere ez genuen zertaz ari ziren. Orain badakit, baina garai hartan, ez. Gero «Arriba España!» oihukatzen zuten, eta guk, «Arriba» esan beharrean, «Viva» errepikatzen genuen. Militarrak haserretu egiten zitzaizkigun: «¡No, no!¡Así no!». Orduan ikasi nituen hitz horiek.