«Eskolen autonomia»: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko iturrien arabera, printzipio horrek ardaztuko du nola itzuliko diren ikasleak eskolara ikasturte amaiera honetan. Beharrak non dauden erreparatuta eta «irizpide pedagogikoak» aintzat hartuta erabaki ahal izango dute zer-nola jokatu. Ondoren, Hezkuntzako ikuskaritzei adierazi beharko diete zer erabaki hartu duten. Ebatzi dezakete ikasle guztiek online amaitzea ikasturtea, zenbait ikasle bakarrik joatea aurrez aurreko eskoletara, edota den-denak. «Errealitate ezberdinak» daudela aintzat hartuta, hauturik onena hori dela adierazi dute.
Jokatzeko era horren berri atzo eman zien administrazioak Euskal Eskola Publikoaren Zuzendaritza Elkarteen Federazioko ordezkariei, eta poza adierazi zuten haiek: ikastetxeen «autonomia» aintzat hartu izana ona dela esan zuten, eskola bakoitzak ezagutzen baititu hobekien ikasleen beharrak eta eskolaren egoera.
Hezkuntza Sailak lehengo astean asmoa adierazi zuen Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. mailako, Lanbide Heziketako eta Batxilergoko ikasleak maiatzaren erdialdetik aurrera ikasgeletara itzul daitezen, era horretan amaitzeko ikasturtea. Haserrea eta ezinegona eragin zuen erabaki horrek hezkuntzako eragile askoren artean; hitzartu gabeko erabakia izan zela salatu zuten. Aste honetan, eragileekin bilerak egiten jarraitu du administrazioak, eta horien barruan heldu da eskolen “autonomia” lehenetsita eskolako itzulera ebazteko proposamena.
«Autonomia» horren harira, soilik aurrez aipatutako ikasmailetako ikasleen gaineko itzulerari buruzko erabakiak hartu ahal izango dira. Gainerakoan, ikasgeletara ez bueltatzeko «osasun irizpideek» lehengoan jarraitzen dutela esan dute, eta ezin dela horietan inolako aldaketarik egin.