Gaur sartu da indarrean 1. fasea Hego Euskal Herri osoan, eta azken orduetan alarma egoerarako irizpideak eguneratu dituzte Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. Hauek dira egin daitezkeen jarduera nagusiak:
Zein saltoki zabal daitezke gaurtik aurrera?
Batetik, orain arte zabalik zeudenak; elikagaiak saltzen dituztenak, farmaziak, osasun zerbitzuak ematen dituztenak, optikak, prentsa, gasolindegiak, gailu teknologikoak saltzen dituztenak, tindategiak... Bestetik, gainerako saltoki minorista guztia, 400 metro koadroko azalera baino gutxiago badute. Saltoki horietan %30era murriztu beharko dute edukiera, eta gutxienez bi metroko tartea bermatu behar dute bezeroen artean; ezin bada, bezero bakarra sartu ahal izango da dendan. Gainera, lehentasunezko ordutegi bat ezarri beharko dute 65 urtetik gorakoentzat.
Okindegiek-eta sal ditzakete edariak, kafea barne?
Eramateko bada bakarrik; ezin da denda barruan kontsumitu. Terraza baldin badute, ostalaritza zerbitzuetarako irizpideei jarraitu beharko diete.
Azokak egin daitezke?
Bai, osasun neurri batzuk hartuta. Udalek distantzia irizpide batzuk ezarri beharko dituzte, eta ohiko postuen %25 baino ezingo dira jarri. Jai azokek, ordea, debekatuta jarraituko dute oraingoz. Auto bidezko salmentak onartu dituzte, udalaren baimena badute eta salgaiak premiazko produktuak badira. Azken horiei ordutegi bat ezarri diete: 08:00etatik 15:00etara.
Ibilgailuak konpontzeko tailerrak?
Ireki ahalko dute, autoak konpontzeko eta piezak saltzeko. Bezeroen arreta osasun irizpideei jarraituz egin beharko dute.
Eta kontzesionarioak eta IAT txartela ateratzeko guneak, horien tamaina 400 metro koadro baino handiagoa dela kontuan hartuta?
Horiek ere ateak zabal ditzakete, baina aurrez txanda hartuta joan daitezke bezeroak. Halere, IAT txartelen iraungitze datek bertan behera jarraitzen dute urte amaierara arte. Autoak desgaitzeko guneak ere lanean aritu daitezke, beren jarduera osoan; alegia, baita piezak saltzen ere.
Herritarrentzat zabalik egoteko baimenik ez duten saltokiek egin al ditzakete mantentze lanak barruan?
Bai.
Beilak, hileta zeremonia zibilak eta erlijiosoak?
Baimenduta daude; hamabost lagun elkartu daitezke gehienez leku irekietan, eta hamar itxietan. Edonola ere, osasun neurriak eta bi metroko tartea errespetatu beharko dira. Gurtza zentroetara joan ahalko da, baina edukiera %30era murriztuko da.
Zabaldu al daitezke ostalaritza sektoreko terrazak?
Bai, %50 murriztuta. Bi metroko tartea utzi beharko da mahaien artean, baina udalerriek baimena eman dezakete mahai kopurua eta horiek kokatzeko eremua handitzeko. Gehienez hamar lagun elkar daitezke mahai bakoitzean, eta ordutegi muga bakarra itxierakoa da; 23:00. Elkarte gastronomikoek itxita jarraitu beharko dute.
JOAN-ETORRIAK
Dokumenturik eraman behar al da gainean, lanera zoazela frogatzeko?
Ez da derrigorrezkoa, baina gomendagarritzat jo du Ertzaintzak.
Kalean ibili al daiteke jendea?
Bai, elikagaiak, botikak eta 0 eta 1 faseetan onartutako produktu edo zerbitzuak erosteko edo kontsumitzeko bada; baita osasun zentroetara, lantokira eta handik etxera, eta adinekoak, adingabeak, menpekotasunen bat dutenak eta pertsona zaurgarriak zaintzera joateko bada ere; edota banketxera, notaritzara, abokatuarenera edota gestoriara joateko bada.
Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurralde historikoen artean mugitu ahal izango da egoera hauetan: osasun, lan, lanbide edo enpresa arrazoiengatik; ohiko bizilekura itzultzeko; hezkuntza eta prestakuntza arrazoiengatik; adinekoak, mendekoak, desgaituak edo premia egoeran dauden senitartekoak bisitatzeko, zaintzeko eta artatzeko, bai eta antzeko beste edozein arrazoirengatik ere.
14 urtetik beherakoak heldu batekin joan daitezke, baimendutako jardueraren batera baldin badoaz.
Desplazamendu horiek norbere udalerrian edo ondokoan egin beharko dira; saltoki edo zerbitzu horiek eskura ez badaude norbere udalerrian edo ondokoan, urrunago joan ahalko da.
Erkidego osoan mugikortasuna baimenduta dago umeak edo bilobak zaintzeko. Edozein kasutan, Jaurlaritzak aholkatu du ahalik eta gehien mugatzea mugikortasuna.
Zein baldintza daude jarduera fisikoa egiteko?
14 urtetik gora edukitzea; bakarka egitea, egunean behin, denbora mugarik gabe baina ezarritako ordutegien barruan.
Non egin daiteke jarduera fisikoa?
Eremu publiko orotan; baita ingurune natural edo berdeetan ere, udalerri barruan edo ondokoan —Nafarroan, soilik udalerri barruan—. Ezin da kirolik egin leku itxietan.
Paseoak, nola?
Bakarka edo etxekoekin, ezarritako ordutegietan. Jaurlaritzaren kasuan, udalerrian bertan edo ondokoan. Nafarroako Gobernuaren arabera, berriz, bizilekutik kilometro batera gehienez.
Ordutegiak mantentzen dira?
Bai; 14 urtetik gorakoentzat, 06:00etatik 10:00etara eta 20:00etatik 23:00etara.
70 urtetik gorakoentzat, 10:00etatik 12:00etara eta 19:00etatik 20:00etara.
14 urtetik beherakoak 12:00etatik 19:00etara atera ahalko dira kalera, heldu batekin, ordubetez gehienez. Kilometro bateko muga zuten orain arte, baina orain ez du halakorik zehaztu Ertzaintzak. Kilometro bateko mugari eutsi dio, ordea, Nafarroako Gobernuak. Umeak jostailuekin irten daitezke, baina horiek ezin dituzte partekatu.
Salbuespen gisa, osasun arrazoiengatik edo kontziliazioagatik, jarduera fisikoa egin daiteke ordutegi horietatik kanpo.
5.000 biztanle baino gutxiagoko udalerrietan ez da ezarriko ordutegirik; 06:00etatik 23:00etara atera ahalko dira herritar guztiak. Haatik, jarduera fisikoa egiteko ondoko udalerrira joanez gero, eta hori 5.000 biztanletik gorakoa bada, udalerri horren ordutegiak errespetatu behar dira.
Etxe barruan hartu-eman sozialak onartuta daude talde txikietan?
Ertzaintzak hitz bakarra jaso du puntu horretan: ez. Radio Euskadin, Estefania Beltran de Heredia Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak berretsi du ezin dela «hamar laguneko talderik» elkartu etxe batean: «Ezin da, eta ez da komeni».
Nafarroako Gobernuak, berriz, zehaztu du ezin zaiela bisitarik egin senideei, aitona-amonei edo lagunei.
Mendekotasunen bat duten senideak bisitatzera joan daiteke?
Bai, bisita egitera edo zaintzera.
Bigarren etxebizitzara joan daiteke?
Ez.
GARRAIOA
Zeintzuk dira auto batean joateko baldintzak?
Bederatzi lekurainoko auto pribatuetan, ilara bakoitzeko pertsona bakarra joan daiteke, diagonalean eta maskara jarrita. Elkarrekin bizi direnak auto berean joan daitezke, maskara eraman beharrik gabe.
Garraio publikoetan, derrigorrezkoa izango da maskara, eta gutxienez metro eta erdiko distantzia egon behar da bidaiarien artean.
Zenbat lagun joan daitezke motorrean?
Bi, biek kasko integrala edo maskara badaramate edota etxe berean bizi badira. Eskularruak erabiltzea ere derrigorrezkoa da.