Koronabirusa

Goizean goiz edo iluntzean atera ahalko da kirola egitera

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2020ko api. 30a, 18:57

Hiru tarte bereizi ditu gobernuak: 06:00etatik 10:00etara eta 20:00etatik 23:00etara, kirol jarduerak egiteko edo paseatzera irteteko; 10:00etatik 12:00etara eta 19:00etatik 20:00etara, mendekotasunak dituztenak irteteko; 14 urtetik beherakoak, 12:00etatik 19:00etara. 5.000 biztanletik beherako herrietan, ordea, ez dago ezarri beharrik ordutegirik.

Haurrak izan ziren paseatzera irteteko baimena izan zuten lehenak Hego Euskal Herrian. Larunbatetik aurrera, ordea, herritar guztiek izango dute horretarako aukera, helduek paseatzera edo kirola egitera ateratzeko aukera izango baitute. Halere, pilaketak saihesteko neurriak ezarriko ditu Espainiako Gobernuak. Neurrien artean, kalera irteteko ordutegiak finkatzea dago. 

Salvador Illa Osasun ministroak arratsaldean eman ditu horien inguruko xehetasunak. Ariketa fisikoari dagokionez, edozein kirol egitea ahalbidetuko dute, egunean behin, udalerrian bertan eta bakarka. Paseoetarako, bizikide batekin irten ahal izango da; paseo bat egunean, kilometro bateko eremuan.

Ordutegiei dagokienez, hiru tarte bereizi ditu gobernuak: 06:00etatik 10:00etara eta 20:00etatik 23:00etara, kirol jarduerak egiteko edo paseatzera irteteko; 10:00etatik 12:00etara eta 19:00etatik 20:00etara, mendekotasunak dituztenak irteteko; 14 urtetik beherakoak, 12:00etatik 19:00etara. 5.000 biztanletik beherako herrietan, ordea, ez dago ezarri beharrik ordutegirik. 70etik gorakoak mendekotasunak dituztenen adin tartean sartu ditu gobernuak, eta, beraz, horien ordutegian atera ahal izango dira.

Oro har, esan du asteko helburua bete dutela, kutsatu berriak %1etik behera daudelako, eta sendatuen portzentajea ere haziz doala: «Jarritako helburu bakoitza bete dugu». Testuinguru horretan, erantsi du alarma egoerak «funtzionatu» duela eta ezinbestekoa dela hura mantentzea leuntze fasean. Izan ere, beharrezko jo du birusaren aurrean «zuhur» jokatzen jarraitzea, izurria ez dadin hedatu.

Goizean, Illak adierazi du «lehen helburua» bete dela, «birusaren transmisioa murriztea». Dena den, tentuz ibili beharra azpimarratu du, «ez baitakigu prozesuak nolako konplexutasuna duen». Horregatik, larunbaterako neurri zehatzagoen berri emango du gaur. Helduek kirola egiteko eta haurrek gurasoekin paseatzeko izango dituzten denbora tarteak mugatuko dituzte, Espainiako Gobernuko iturriek adierazi dutenez. Hau da, bakoitzak ordutegi bat izango du etxetik irten ahal izateko. Modu horretan, aurreko igandean haurrek kalera ateratzeko aukera izan zuten lehen egunean hainbat hiritan gertatu ziren pilaketak eragotzi nahi dituzte. Erabaki horrek, ordea, arazoak sortu ditzake lanean ari diren herritarren kasuan, baliteke-eta denbora tarte horietan lanean egotea.

Kirolari dagokionez, Espainiako Alerta eta Osasun Larrialdietako Koordinazio Zentroko zuzendari Fernando Simonek azaldu du «bakarkako kirolak» egin ahalko direla. Gaineratu du uneren batean pilaketaren bat gertatuz gero segurtasun tartea mantentzea beharrezkoa izango dela. Halere, ez da kirola egiteko denbora mugarik ezarriko, ezta egin daitekeen kirol motarako ere, «bakarka eta arauak betez egiten den bitartean».

Espainiako Gobernua aztertzen ari den beste puntu bat adinekoen egoera da. Simonek adierazi du ordutegiak finkatzea «talde zaurgarrienen arriskua murrizteko» hartutako neurri bat dela. Ez da adinekoei begira hartutako erabaki bakarra. Besteak beste, taberna eta jatetxeak ireki ahala, horiei gordetako ordutegiak zehaztuko dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!