Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak larunbat iluntzean jakinarazi zuen koronabirusaren pandemiak eragindako osasun krisiak hobera egiten jarraitzen badu maiatzaren 2tik aurrera ahalbidetuko dutela ariketa fisikoa egitera edo paseoak ematera ateratzea. Sanchezek ez zuen xehetasun handirik eman, eta neurri hori osasun arloko adituek gomendatzen diotenaren arabera hartuko du gobernuak, astean zehar.
Gaur, ordea, Salvador Illa Espainiako Osasun ministroak zehaztapen batzuk egin ditu. Azken egunetan, hipotesietako bat izan da adineko pertsonei gainerakoei baino gehiago luzatzea konfinamendua, argudiatuta multzorik zaurgarriena dela. Pentsiodunek eskatu zuten ez erabiltzeko adina konfinamendurako irizpide gisa. Gaur, Illak azaldu du maiatzaren 2tik kalera irteteko aukera ematen bada adinekoek ere izango dutela baimen hori.
Illak berak zehaztu du «kutsatzeen kurba» apaltzen ari dela; alarma egoera eman zutenean, kutsatzeen indizea %35ekoa zela, eta orain %0,8koa dela. Gaur hasi dira haurrak kalera ateratzen, eta, neurri batean, pauso horrek kutsatzeetan duen eraginak esango du maiatzaren 2rako iragarritako urratsa egitea posible izango ote den. Illaren esanetan, umeak kalera ateratzerakoan izan beharreko irizpide eta gomendioak bete egin dira oro har, baina zabalik utzi du «moldaketa batzuk» egiteko aukera beharrezkoak badira.
Bestalde, gizonezkoen lehen mailako futbolaz ere galdetu diote ministroari. Txapelketari uda baino lehen berrekingo ote dioten esatea «arduragabea» litzatekeela esan du, baina ohar bat egin du: «Gauzak ez dira lehen bezala izango».
Aurretik, Fernando Simon Espainiako Gobernua aholkatzen ari den batzorde zientifikoko bozeramailea agertu da prentsaren aurrera. Azaldu duenez, zainketa intentsiboko unitateetan dauden oheak bi bider handitzeko eskatu diete erkidegoei, gaitza berriro zabalduz gero, osasun sistema prest egon dadin.