Irizarrek 29 autobus elektriko egingo ditu Orleans hirirako

Erabiltzailearen aurpegia Iker Aranburu 2020ko apirilaren 24a

2025erako bere autobus sare guztia elektrikoa izatea nahi du Frantziako hiriak.

Lehen unitateak 2021. urtearen erdialdean entregatuko dizkio Keolis Métropole Orléans operadoreari. Tranbia itxurako Ie Tram modelokoak izango dira, kooperatibak Adunan duen lantegian (Gipuzkoa) egindakoak.

Autobusak hamabi metro luze dira, eta 220 kilometroko autonomia izango dute. Irizar Taldeak garatutako teknologia dute elektronikari eta komunikazioei dagokienez, bai eta osagai eta sistema nagusietan ere. Bateriak ere teknologia propiokoak dira.

Ibilgailuen mantentze lanaz ere arduratuko da Irizar, baina Orleansen bertan kontratutako langileen bitartez, «aberastasuna eta tokiko enplegua sortzen laguntzeko».

Irizar E-mobility adarrak kontratu asko lortu ditu Frantzian. Amiensen eta Aix-en-Provencen, bera arduratu da autobus elektrikoen sare bat antolatzeaz, eta ibilgailuak saldu ditu Marseillan eta Le Havren.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!