Irteerak «mugatuak» izango zirela iragarri zuten, eta halaxe izango dira: 14 urtetik beherakoak irten ahalko dira astelehenetik aurrera, baina gurasoekin erosketak egitera, botikara edo banketxera joateko bada soilik, hau da, orain arte alarma egoeran onartuta zeuden ekintzak egitera. Beraz, besteak beste, paseo bat emateko aukerarik izan gabe jarraituko dute haurrek. 14 urtetik gorakoek ere erosketak egitera ateratzeko aukera izango dute, euren kabuz.
«Badakigu arintze partzial bat dela. Haur gehienak etxean egon dira, eta kutsatuta egoteko arriskua benetan txikia da». Halere, bozeramaileak «arduraz» jokatzeko eskatu die gurasoei, pandemia ez dadin berriz zabaldu. Izan ere, Monterok gogoratu du leuntze partzial hau martxan jarri arren konfinatzeko aginduak indarrean jarraitzen duela.
Irteerak modu kontrolatuan egin behar direla adierazi du Espainiako Gobernuko bozeramaileak, higiene neurriak eta segurtasun tarteak betez. Maskarak, ordea, ez dira beharrezkoak izango, haurretan ez direlako hain eraginkorrak. Argudiatu du umeek aurpegia maiz ukitu ohi dutela, eta zailagoa dela horiek jantzita mantentzea. Horrez gain, haurrekin bizi ez den beste edozein herritarrekin harremanak «saihestu» beharra azpimarratu du Monterok.
Erabakiak sortu ditzakeen galderei erantzunak emateko txosten bat prestatuko dutela azaldu du, datozen egunetan argitara aterako dutena.