Koronabirusa

Aldi baterako dosierrek langileen %19ri eragin diete Hegoaldean

Erabiltzailearen aurpegia Joxerra Senar 2020ko api. 21a, 10:09

Lau lurraldeetan, 32.236 espediente aurkeztu dituzte, eta 232.825 langileri eragin diete orain arte. Manu Aierdik azaldu du ostalaritzak uda garaia «oso konplikatua» izango duela.

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak eguneratutako azken datuen arabera, Hego Euskal Herrian 32.236 lan erregulazioko espediente aurkeztu dira, ia denak aldi baterakoak. Dosier horiek 232.825 langileri eragin diete, eta, urte hasieran enplegua zutenen kopurua aintzat hartuz gero, horrek esan nahi du bost langiletik bati bete-betean eragin diola orain arteko kolpeak. Iragan krisialdiko urterik okerrenean ere ez ziren bata bestearen atzetik hainbeste espediente pilatu, eta oraingo honen tamaina ulertzeko, beste datu adierazgarri bat eman zuen atzo Manu Aierdi Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikoko kontseilariak: urteko lehen bi hilabeteetan 29 lan erregulazioko espediente aurkeztu ziren lurraldean; martxoaren 14tik atzo arte, berriz, 6.595.

Lurraldeka, Bizkaiak du espediente gehien, 13.110 aurkeztu baititu, Jaurlaritzaren azken datuen arabera. Gipuzkoan, 8.842 enpresek erregistratu dituzte dosierrak; Araban, 3.689k ,eta Nafarroan, 6.595ek. Nafarroako Gobernuak atzo eguneratutako datuen arabera, espediente gehienak (6.163), COVID-19aren krisiak eragindako jardueraren etenaldiaren ondorio dira, eta gainerako 422ak enpresaren antolamendu eta produkzio arloko arrazoien ondorioz aurkeztu dituzte enpresek. Nafarroako espediente horiek 55.486 langileri eragin diete guztira, eta horien artean %94,9k lana utzi behar izan dute epe jakin baterako, beste %5i lanaldia murriztu diete, eta oraingoz 67 behargin baino ez dituzte kaleratu.

Dena den, Aierdiren arabera, oraindik goiz da krisiaren tamaina eta sakontasuna neurtzeko. «Argi dago larria izango dela, analista guztien azterketek hala adierazten baitute. Berreraikuntzan pentsatu behar dugu denok, eta konfiantza dut Nafarroako egitura ekonomikoak lagunduko duela. Beste toki batzuk baino leku hobean uzten gaituzte». Epe motzera, 134 milioi euro inguruko laguntza zuzenak onartu dituzte enpresen likidezia bermatzeko eta autonomoentzat. «Erne egon beharko dugu ea nahikoak diren, baina horrekin batera ikusi behar dugu zer neurri hartu behar ditugun, hainbat mailatan, epe ertainean».

Egoera ezkorra izanik ere, Aierdik uste du lagungarri izango dela aurreko lau urteetan planifikazio ekonomikoan egin den lan guztia: «Oro har, ez da bide txarra; ziurrenik ñabardurak gaineratu beharko zaizkio». Hau da, Nafarroako sektore estrategikoen artean, energia berriztagarriak, elikagai industria eta osasun arloa daude, eta etorkizunean zeresan handia izango dute.

Egoera beltzagoa du ostalaritzak, aurten behintzat. Sektoreen artean, zerbitzuak eta industriak biltzen dituzte aldi baterako erregulazio gehien eta langile kaltetu gehien: %41 eta %56, hurrenez hurren. Jarduera ekonomikoei begira, autogintzaren sektorean dago langile kaltetu gehien, Volkswagenen garrantzia tarteko (langileen %21). Ondoren, ostalaritza da dosierrek eragindako langile kopuru handiena duen sektorea; zehazki, langileen %14,3ri eragingo diete.

Dena den, autogintzaren kasuan, Volkswagenek datorren astean ekin nahi dio lanari; ez dago argi, berriz, tabernak, jatetxeak eta hotelak noiz irekiko dituzten ateak. «Sektoreak berak antzematen du jarduerara itzultzeko egiten diren plan guztietan oso zail duela». Aierdik aurreratu du «udako kanpaina benetan konplikatua» izango dela.

LABen helegitea

LAB sindikatuak salatu du administrazio publikoarekin kontratua duten hainbat enpresak aldi baterako lan espedienteak aurkeztu dituztela. Enpresek, besteak beste, zerbitzua eskaintzen dute eskolen jantokietan, haurren garraioan edo kiroldegietako garbiketa lanetan. Sindikatuen kexuen aurrean, batzuek espedientea atzera bota dute, baina beste batzuek aurrera jarraitu dutenez, LABek helegitea jarri du.

LABek salatu du Nafarroako Gobernuak ez duela irizpide argirik ezarri. «Administrazioak kontratatutako enpresetako dosier guztiak baztertzeko eskatu diogu, baina ez dio kasurik egin gure eskaerari, eta batzuk onartu ditu lehen auzialdian, enpresa bakoitzari irizpide propioen arabera jarduten utziz». LABen ustez, gobernuak bere gain hartu beharko lituzke langileon soldatak, hilean 300 eta 400 euroan jaso ohi dutelako eta soldataren %70 jasoz gero, oso kalte-ordain txikia geratuko zaielako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!