Akordioa lortu dute Asteasuko Siemens Gamesan, eta greba bukatu da

Erabiltzailearen aurpegia Xabi Martin 2020ko apirilaren 21a

Atzo gaueko txandakoak izango dira beharrera itzuliko diren lehen langileak Asteasuko (Gipuzkoa) plantan. Kasik hilabetekoa izan den greba mugagabea amaitzea erabaki berri dute eguerdian egindako batzar batean.

Lantaldeak ia aho batez onartu du zuzendaritzak mahai gainean jarri duen azken proposamena lan ituna berritzeko, eta, horrenbestez, lanari ekingo diote Siemens Gamesak Asteasun duen plantaren ekoizpenaren esparruan, alor horretan diharduten txandakako beharginak soilik baitzeuden lanuztean. Koronabirusak behartuta enpresa itxi zenean, lanuztea baztertu zuten grebalariek, baina ateak irekitzeko baimena iritsi eta gero, greban hasi ziren berriz aurreko astean

Beraz, 100 langilek baino gehiagok urrats garrantzitsua egin dute lan itun berria izateko bidean, eta COVID-19aren garaiak baldintzatzen duen normaltasunera itzuliko dira. Beharginek enplegu berme bat eskatu zuten orain dela hilabete batzuk, ikusita taldean itxierak eta murrizketak zetozela, eta lanuzteak hasi ziren. Enplegu berme horren inguruan akordioa zegoen aspaldian, baina lan hitzarmena berritzea zaila gertatu da, eta ia hilabeteko greba mugagabearen ondoren iritsi da ituna egitea erraztuko duen akordioa. Martxoaren 9an hasi zuten greba.

2019-2022ko beren baldintzei dagokien zatia da Asteasuko txandakako langileek onartu dutena, eta proposamenak soldata igoerak jaso ditu. Lehen bi urteetan, mailaketaren araberako igoerak aplikatu dira, soldatarik apalenak gertura daitezen soldata handienetara. 2021ean eta 2022an, berriz, igoera orokorrak aplikatuko dira: %2,3 eta %2,1, hurrenez hurren.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!