Koronabirusa

Eusko Jaurlaritzak adierazi duenez, «okerrena iragan da»

Erabiltzailearen aurpegia Paulo Ostolaza 2020ko api. 15a, 08:49

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluaren ostean, Josu Erkoreka bozeramaileak agerraldia egin zuen atzo. Azaldu zuenez, izurriari aurre egiteko planak «ongi samar» funtzionatu du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta jada «bigarren fasean» daudela azaldu zuen. Adituen arabera, «okerrena iragan da».

Kutsatu eta hildakoen egunez eguneko gorabeheratik harago, aste osoan zehar «joera positiboa» izan dela gaineratu zuen: «Osasun Saileko eta Osakidetzako langileei esker ari gara joera hori mantentzen».

Koronabirusaren krisia hasi zenetik bigarren aldiz, ostiralean bilduko da Eusko Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorra. Han aurkeztuko dituzten proposamenen berri atzo eman zuen Ma ddalen Iriarte EH Bilduko ordezkariak. «Euskal estrategia»baten beharra azpimarratu zuen: «Lidergoa hartzea, ekimena hartzea eta herri honetako talentua herritarren mesedetan jartzea, pertsonak erdigunean jarriko dituen politika publikoak bultzatuz».

Ildo horretan, industria berriz ere martxan jarri izana salatu zuen Iriartek: «Akats bat da; oraindik oso altua da COVID-19ak kutsatutakoen eta hildakoen kopurua». Adineko zentroetako larrialdiari erantzuteko premiazko neurriak behar direla nabarmendu zuen EH Bilduk, baita merkataritza, ostalaritza eta langile autonomoen sektorea laguntzeko diru laguntzen beharra ere. Iriartek esan zuen Jaurlaritzak akordiorako borondatea izatea espero duela, eta Urkulluri eskatu zion Eusko Legebiltzarra aktibatzeko.

Mendiaren kritikak

Idoia Mendia PSE-EEko ordezkariak, berriz, atzo esan zuen sozialisten helburua dela «inor abandonatuta ez geratzea, ez gaixotasunean, ezta ekonomia errekuperatzerakoan ere». Batzorde telematikoa egin zuen atzo PSE-EEk. Mendiak kritikatu egin zituen «gurpilei makilak jartzen dabiltzanak» eta «bidezkoak ez diren kritiken bidez krisiari etekin politikoa» atera nahi dietenak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!