"Dokumentalak Chourrauten beste aurpegi bat erakutsi du"

Erabiltzailearen aurpegia Urtzi Urkizu 2020ko api. 11a, 10:52

ETBk 'Beldurretan arraunean' dokumentala estreinatu berri du, eta nahieran dago ikusgai. Asensio zuzendaria pozik dago, Maialen Chourraut protagonistari gustatu zaiolako.

Musikaria, musika kontzertuetako azpiegituretan langilea, kazetaria tarteka, eta Basque Teameko saioen aurpegia da Iñigo Asensio (Tolosa, Gipuzkoa, 1985).

Nola sortu zen Maialen Chourrauten inguruan dokumentala egiteko aukera?

Basque Team fundazioarekin kolaboratzen hasi nintzenetik, 2011tik, ezagutzen dut Maialen. Londresko Olinpiar Jokoetan eta beste txapelketa batzuetan hainbat saio egin genituen. Urtez urte mantendu dugu gero harremana. 2016an, Rioko Olinpiar Jokoetako urrea han bertan bizitzea egokitu zitzaidan, EITBko berriemaile lanetan han nintzela. Orduan pentsatu nuen izan zitekeela istorio polit bat kontatzeko: Maialen Chorraut pertsonarena eta kirolariarena. Ziklo olinpiko hartan ama izan eta goi mailako kirolera itzultzea lortu zuen emakumearena. 2017aren amaieran haiekin bildu nintzen, eta, nahiz eta Maialen ez den oso kamerazalea, onartu zuen dokumentala egitea.

Non egin zenituzten grabaketak?

2016ko Olinpiar Jokoko irudiak bagenituen. 2018tik aurrera, Australian, Rion [Brasil], Lasarte-Orian [Gipuzkoa], Donostian eta Seu d'Urgelen [Katalunia] egin genituen grabaketak.

Telebistan eman aurretik, ezin areto edo antzoki batean estreinaldia egin, baina Internet bidezko estreinaldi bat egin zenuten, gonbidapenekin.

Bai, eta ahalbidetu zuen gonbidatu zerrenda zabal bat izaten. Bizpahiru egun lehenago Maialenek berak ikusi zuen. «Asmatu duzu, hori ni naiz!» esan zidan, eta hori da jaso nezakeen feedback hoberena. Orokorrean iritzi oso onak jaso ditut, baita piraguismo munduko jendearen aldetik ere. Hurbilketa prozesu polit bat izan da dokumentala, sakona, eta hedabideetan tarte oso zabala hartzen ez duen kirol batekin.

Dokumentalean, Chourrautek zenbait esaldi sakon esaten ditu. Adibidez: «Beti doaz ateak irekitzen».

Dokumentalak Maialenen beste aurpegi bat erakutsi du: Maialen sentibera bat, ideiak oso argi dituen kirolari bat. Indarra du esaten dituen gauzengatik. Une indartsu asko ditu, esandako esaldien ondoren datozen hausnarketako isiltasunetan.

Kirolariaren inguruko pertsona garrantzitsuak ageri dira: senideak eta entrenatzaileak. Nola lortu zenuen hain hunkituta mintzatzea kamera aurrean?

Maialenek lortu duelako garaipenak kolektibizatzea, eta sentiaraztea garaipena jende askorena dela. Umiltasunez eta apaltasunez bizitzen dena errazago kolektibizatzen da. Luis Murgia entrenatzailearen une bat bada, Rioko urreaz ari denean, ikusle guztiak hunkitzen dituena. Ezusteko asko eraman ditut elkarrizketak egiten, opariak eman dizkidate. Nik josi baino ez ditut egin.

Tokioko Olinpiar Jokoak datorren urtean izango dira. Nola eragingo dizu horrek zuri?

Dokumentalari dagokionez, ona izan daiteke, Tokiora ez duelako zahartzerik jasango. Pertsonalki, aurreikuspen batzuk nituen Tokiora begira, eta hankaz gora daude, baina herritar guztioi jarri zaizkigu aurreikuspenak hankaz gora. Ni kultur industrian eta musika alorrean aritzen naiz lanean, eta hor egoera konponezina da: orain galduko dena ez da berreskuratuko.

Podcast bat sortu zenuen konfinamendua iritsi zen egunetan: Leku bat munduan. Sortzaileei ahotsa ematea al da helburua?

Iruditu zitzaidan izan nezakeela gauzei beste modu batean begiratzeko aukera. Poesiaz, musikaz eta beste kultur arlo batzuei buruz hitz egiteko, podcast bat etxetik egitea pentsatu nuen.

Naiz irratian saio berri batean arituko zara hilaren 20tik aurrera. Nolakoa izango da programa hori?

Bigarren kafea izeneko kultur magazin bat izango da. Arrate Hernandezekin eta Iñigo Etxarrirekin batera egingo dugu, astelehenetik ostiralera, 16:00etatik 18:00etara. Saiorako kolaboratzaile sare bat osatzen ari gara. Kulturaren eta entretenimenduaren giroan ibiliko da emankizuna. Musika zuzenean ere izango dugu; kontzertu akustikoak, etxetik. Arte eszenikoak Oihana Maritorenak landuko ditu.

Podcastarekin jarraituko duzu, irratiko lanetik aparte?

Bai, neure buruarekin dudan ardurarengatik, podcast horri lekua egin behar diot. Edonola ere, ez du maiztasun zehatzik izango.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!