Koronabirusaren eragina bereziki ari dira nozitzen osasun langileak. Osakidetzan, adibidez, langileen %4ri atzeman diete birusa jadanik, 1.300 behargin ingururi. Horrek eragina du, haien osasun egoeran ez ezik, baita osasun zerbitzuetan ere, inoiz baino premia handiagoa dagoen garaian. Hori ikusita, ate bat ireki du Espainiako Gobernuak: sintoma arinak izan dituzten osasun beharginak lanera bueltatzea, azken astean ez badute sukarrik eduki eta arnas arazorik ez badute. Osakidetzak heldu egin dio aukera horri, eta ezinegona zabaldu da osasun langileen artean, sintomarik eduki ez arren birusa kutsa daitekeelako. Medikuen Sindikatuak atzera egiteko eskatu dio Osakidetzari.
Gaur zortziko data duen dokumentu bat zabaldu du Espainiako Osasun Ministerioak egunotan: jarraibide batzuk ezarri ditu koronabirusak jota dauden osasun arloko eta esparru soziosanitarioko langileentzat. Txostenaren hasieran bertan diote zein den helburua: «Transmisio komunitarioa orokortua den honetan, erabakigarria da osasun sistemaren erantzun gaitasunari eustea, pazienteen fluxua areagotzean ere osasun asistentzia berma dadin». Alegia, egoera honetan lanean behar dituztela osasuneko profesionalak.
Baja asko izan dira, ordea. Eusko Jaurlaritzak emandako azken datuen arabera, erkidegoan erregistratutako kutsatuen %15 Osakidetzako langileak dira: 1.300 lagun, Osakidetzako lantaldearen %4 inguru. Gehienak etxean ari dira berrogeialdia egiten, sintoma arinekin. Kasu horiek test bidez baieztatu dituzte: sintomak zituztenean egin zizkieten analisietan ikusi zuten birusa gorputzean zutela. Berriz lanean hasteko, hori da ohiko bidea: testa egin, eta negatibo emanez gero, lanera itzuli.
Kontua da Osasun Ministerioak atea zabaldu duela urrats hori ez egiteko, alegia, sintomak gainditu dituzten langileei lanera itzuli aurretik testa ez egiteko. Hauxe diote: «Proba egiten ez denean, langilea lanpostura bueltatuko da sintomak hasi eta zazpi egunera, hiru egunean sukarrik ez badu, sukarraren aurkako sendagairik hartu beharrik izan ez badu, eta arnas arazoak konpondu badira». Kasu horietan, langileak maskara kirurgikoa erabili beharko du hamalau egunez, eta ezin izango du kontakturik izan gaixo immunodeprimituekin.
Auzitara jotzeko asmoz
Ate hori baliatzen hasi da Osakidetza bajan dituen beharginak laneratzeko. Ezinegona eragin du mugimendu horrek. Adierazgarria da Euskadiko Medikuen Sindikatuaren jokabidea: osasun krisia hasi zenetik lehen aldiz, ohar bat igorri du hedabideetara, eta atzera egiteko eskatu dio Osakidetzari, langileak «errusiar erruletara» bidaltzea litzatekeela eta. Osasun Sailaren eguneroko agerraldian horri buruz galdetu zuen BERRIAk atzo, testik egin gabe ari ote diren beharginak bueltatzen, eta Mikel Sanchez Planifikazio zuzendariak ez zuen ukatu: azaldu zuen «protokoloak» badaudela, eta ministerioaren «irizpideak» betetzen ari direla. Langileak «bermerik gabe» itzularazten badituzte auzitara joko duela azaldu du Medikuen Sindikatuak.
Nafarroako Gobernuak ez du jarraibide horiek segitzeko asmorik. Santos Indurain Osasun kontseilariaren esanetan, «kontsentsua» daukate gai horri buruz, eta osasun langileei eta esparru soziosanitariokoei testak egingo dizkiete lanera itzuli baino lehen.
Hain justu ere, kritikak ikusita, Osasun Ministerioak atzo arratsean iragarri zuen aztertzen ari dela neurri hori bertan behera uztea.