Dena da etxea egunotan. Lantokia da bertatik ari daitezkeenentzat, eta ikasgela da eskola garaian daudenentzat. Ikaskiderik, irakaslerik, arbelik eta ikasmahairik gabeko eskola. Itxialdiak hankaz gora jarri du irakaskuntza: ikastetxeak itxita daude orain hiru aste baino gehiagotik, eta hala jarraituko dutela denbora batez —Hego Euskal Herriko eskoletan Aste Santuko oporrak dituzte datozen bi asteetan—. Gauetik goizera aldatu da dena, prestatzeko astirik gabe ia. Itomena sortu da. Eta bistan geratu da hezkuntzak zer erronka dauzkan. Ikasleen arteko desberdintasun sozialak sakonduko ote diren, hori da kezka nagusia orain.
Arabako zentroak itxi zituzten lehenbizi: hilaren 10ean, Gasteizkoak, eta 12an, herrialde osokoak. Biharamunean, Bizkaikoak eta Gipuzkoakoak. Eta asteburua pasatu ostean Nafarroakoak, Lapurdikoak, Nafarroa Beherekoak eta Zuberoakoak. Zehaztu gabe dago noiz arte egongo diren itxita: Eusko Jaurlaritzak, adibidez, epea jarri zion itxierari hasieran —hilaren 23a, joan den asteko astelehena—, baina funtsik gabe geratu da hori.
Bat-bateko itxierak izan ziren: gobernuak agindu eta biharamunean itxita zeuden eskolak —Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian, asteburua izan zuten tartean—. Aldaketa handia kolpetik. «Egokitzea kostatzen ari zaigu. Eskolako baliabide askok ez dute balio, material desberdinak behar baitira. Egun batetik bestera prestatu behar izan dut dena, eta hasieran ez dakizu nondik jo». Josu Lopez-Gazpio mintzo da; Mungiako Larramendi ikastolako (Bizkaia) Bigarren Hezkuntzako irakaslea da.
Aldaketa eta ahalegin handiko egunak dira. «Izugarrizko lana egin dute irakasleek, batez ere hasierako egunetan», adierazi du Iruñeko Iturrama institutuko zuzendari Arantxa Irisarrik. «Ez gaude ohituta horrela lan egitera, eta aldea nabaritu da irakasle batetik bestera. Pixkanaka, bakoitzak bilatu du bidea». Gauetik goizera aldatu da egoera, eta Interneteko plataformekin ari dira ikastetxe asko: lanak bidaltzen eta jasotzen gehienak, eta bideo bidezko eskolak ematen beste batzuk. Lopez-Gazpiok, adibidez, hautu hori egin du: «Irtenbidea ez da ariketa batzuk agintzea eta bizpahiru egunera erantzunak bidaltzea. Eskolak bideo deien bidez egiten hasi nintzen hasieratik, ikasleekin komunikatzeko eta haien erantzuna jasotzeko. Jakina, erritmoa askoz motelagoa da, baina ez dut uste hori garrantzitsua denik: ikasleak tarte batez lanean aritzea da inportantea». 12-14 urteko ikasleei Matematika eta Fisika-Kimika ematen dizkie.
Ikasleen adinaren araberakoa da funtzionamendua, hein batean. Haur eta Lehen Hezkuntzako eskola da Tolosako Samaniego (Gipuzkoa). «Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzako lehen zikloan, gomendioak bidali dizkiegu gurasoei: eskulan proposamenak, irudimena lantzeko ariketak, irakurtzeko gomendioak... Ez fitxak osatzea», azaldu du Irune Larreta zuzendariak. «Lehen Hezkuntzako bigarren zikloan jarraipen handiagoa egiten dugu, lanak epe batzuekin bidalita». Gurasoekiko harremana dute lehentasuna: «Posta elektronikoz edo Drive bidez bidali diegu materiala; ez dutenei, telefonoz; eta telefonoz ere harremanetan jartzea lortu ez badugu, posta bidez».
Jarraitu Berria-n irakurtzen